PENTSIONISTEN MUGIMENDUA
ELAk larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du

Leire Gallego eta Mikel Noval, ELAko Batzorde Eragileko kideak, Pentsiodunen Mugimenduaren aldarrikapenei eta aste honetan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko baraualdia/itxialdia egiten ari diren pertsonei elkartasuna adieraztera joan dira gaur arratsaldean.
Leire Gallegok kalean 5 urte baino gehiago daramatzan Pentsiodunen Mugimenduaren dinamika mobilizatzailea eta indarra nabarmendu ditu. Pentsioak KPIaren arabera igotzea lortu izana mobilizazioaren eta egiten ari den borrokaren emaitza da.
Bestalde, Mikel Novalek baraualdian/itxialdian dauden pertsonei jakinarazi die ELAk Pentsiodunen Mugimenduak larunbat honetarako Bilboko Plaza Eliptikotik deitu duen manifestazioa babestea erabaki duela. Sindikatuak bere afiliazioari eta, oro har, gizarteari dei egiten die manifestazio honetan parte har dezaten.