Amazon - Smart Delivery Routes (SDR)

Amazonek 60 langile berronartu beharko ditu ELAk irabazitako legez kanpoko lagapen epaia batengatik

2023/11/27
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baietsi egin du Amazonek Gipuzkoa SDR Smart Delivery Routes SDR kontratako kaleratze kolektiboaren aurka ELAk jarritako demanda. Sententziak kaleratzeak bertan behera utzi, eta onartzen du plantilla zuzenean Amazon multinazionalera batzea.

2023ko otsailean, ELAko bost ordezkariz osatutako SDRko Enpresa Batzordeak akordioa lortu zuen enpresarekin: Gipuzkoako Amazonen produktuen garraio zerbitzuaz arduratzen zen plantillari lurraldeko merkantzien garraioaren sektoreko hitzarmena aplikatuko zitzaion. Akordio horrek soldata igoera garrantzitsuak zekartzan erabat prekarizatutako kolektiboarentzat.

Hala ere, handik gutxira, maiatzean, Amazonen SDR azpikontratak 60 langileentzat kaleratze kolektiboa planteatu zuen. EREaren erabakiaren atzean Amazonen estrategia zegoela garbi zuen ELAK, bere azpikontratatutako enpresetan ez zitezen lan baldintzak duindu.

Maiatzean, EREaren kontsulta aldia egin zen, baina akordiorik gabe amaitu zen. ELAk aldi horretan Amazonen presentzia exijitu zuen, benetako enplegatzailea zelako eta SDRren jarduera guztieen azken erantzulea zelako. Azkenean, ekainean kaleratu zituzten langileak.

ELAk kaleratze kolektiboaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, eta legez kanpoko lagapenaren eta oinarrizko eskubideen urraketaren eskaera sartu zuen demandan. Azkenik, auzitegiak ELAren demanda onartu, eta Amazon Road Transport Spain eta Smart Delivery Routes kondenatu ditu legez kanpoko kaleratzeengatik eta langileak legez kanpo lagatzeagatik. Horrenbestez, biak kondenatzen ditu langileak baldintza berdinetan berronartzera eta jaso ez zituzten soldatak ordaintzera.

Epaitegiaren ustez, honako hau dago egiaztatuta:

  • Kaleratze kolektiboa bertan behera geratzen da kontsultaldian funtsezko dokumentaziorik aurkeztu ez delako eta iraungitze prozedurak funtsezko akatsak dituelako. Ondorioz, enpresaren aldetik fede txarra egon zen kontsulta aldian.

  • Ez ziren inoiz egiaztatu EREa gauzatzeko arrazoiak.

  • Egiaztatutzat ematen du legez kanpoko lagapena, hau da, benetako enpresaburuak (Amazon) bitarteko beste enpresa bat (SDR) erabili duela lan baldintzak degradatzeko.

  • Gaineratzen du Amazonek egiten den garraioaren kontrol eraginkorra eta iraunkorra egiten duela, garraio prozesu osoa barnean hartuta, hasieratik amaierara arte, eta baliabide materialen zein pertsonalen ikuskapenari eragiten diola.

Azken hori, Amazonen azpikontratazioaren ereduan funtsezkoa dena eta bere eragiketetan orokortua, legez kanpokotzat jotzen du auzitegiak. ELA pozik agertu da oso garrantzitsua den epai horrekin, Amazonek aurrera daraman prekarizazio estrategia juridikoki ezbaian jartzen duelako.

Gainera, auzitegiak ELA sindikatuari 5.000 euro ordaintzera zigortu ditu enpresak, oinarrizko eskubideak urratzeagatik, EREaren erabakia plantillaren lan baldintzak hobetzeko aurretiazko akordioaren ondorio izan zelako.

ELAk oso positibotzat jo du epaia, garrantzitsua izan daitekelako Amazoneko langile azpikontratatuek pairatzen duten prekarietateari aurre egiteko baliagarria delako. ELAk Amazon multinazionalari exijitzen dio bertan behera utz dezala azpikontratazio katean ezarrita duen prekarietate eredua.