ELAk Legutioko atentatua gaitzetsi du

2008/05/14
ELAk Legution izandako atentatuaren gaitzespen argia azaldu nahi du; atentatuaren ondorioz Guardia Zibil bat hil da eta beste lau lagun zauriak izan dituzte. Lehenik eta behin, ELAk doluminak eta elkartasuna helarazi nahi dizkie Juan Manuel Piñuelen sendiari zein bere ingurukoei; era berean, atentatuan zaurituak izan diren lagunak lehenbailehen eta guztiz osatzea espero du.

ELAk beste behin exijitzen dio ETAri indarkeriaren eta borroka armatuaren bidea utzi dezan; argi geratu da bide horrek sufrimendua sortzeaz gain jendartearen gehiengoaren gutxiespena sortzen duela. ETA soberan dagoela eta oztopo bat dela aldarrikatzen dugu, are eta gehiago bide zibil eta demokratikoengatik eraikia izan nahi den gizarte batean, herritarrok dugun elkarbizitza eskubidearen oinarriak apurtzen dituelako.

Soilik konbentzimendutik eta borondatezko atxikimendutik da posible herri honen eskubideen alde lan egitea, ez bortxaren eta indarkeriaren bidez. Horregatik premiazkoa da ETA desagertzea, elkarrizketak eta bide politikoak jarraitu beharreko bide bakarra bete dezaten.

Atentatua salatzeko ELAk kontzentrazioa deitu du maiatzaren 15erako Bilboko Guggenheim museoaren aurrean, 11:30etan. Leloa "Langile eta abertzale garelako. Ez gaude ados" izango da.