ELAk zerbitzu publikoen gainbehera geldiarazteko berehalako plan bat eskatu dio lehendakariari
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak bilera izan du Gasteizen Imanol Pradales lehendakariarekin; honi eskatu dio berehalako plan bat jar dezala martxan zerbitzu publikoen gainbehera geldiarazteko, Eusko Jaurlaritzari baitagokio ardura hau.
Hartara, ELAk lehendakariari galdegin dio premiaz esku har dezala zerbitzu publikoetako inbertsioa areagotzeko eta lan arloko arazoak bideratzeko. “Gobernu hau osatu zenetik bi urte igaro direlarik”, adierazi du Lakuntzak, “Europako behin-behinekotasun mailarik altuenetakoa dugu Osakidetzan eta Hezkuntzan; inbertsio publiko urriaren ondorioz, lan-kargak handitu dira eta zerbitzuak okerrera egin du”. 2026ko iraileko datu ofizialak eskandaluzkoak dira: Osakidetzako 22.442 langilek (lantalde osoaren % 50,4k) aldi baterako kontratua dute, eta Hezkuntzako 18.923k (% 51k).
ELAren iritziz, lehendakariak ezin dio errealitate honi bizkar eman. Egoera honen aurrean, irmotasuna eta konpromisoa ager dezala galdegin dio. Zerbitzu publikoen gainbeherak lehendakariaren inplikazio betea eskatzen du. Lakuntzak Pradalesi gogoratu dio bere esku dagoela sektore publikoko greba eta mobilizazioak gehi daitezen ekiditea: “Ezin da deitoratu gero eta greba gehiago deitzea baldin eta hauen zergatiak konpontzeko ezer egiten ez bada”.
Pobrezia areagotu da, baita aberatsentzako pribilegio fiskalak ere
ELAk lehendakariari adierazi dio gero eta jende gehiagok duela bizirauteko arazoak. FOESSA txostenaren arabera, EAEko biztanleen % 8 bazterketa sozial egoeran dago, edo hartan erortzeko arriskuan lan prekarioaren eta etxebizitzaren ondorioz. Ezusteko gasturik ordaindu ezin duen herritarren portzentajea % 26tik % 35era handitu da 2021 eta 2024 bitartean. Honek agerian uzten du pobrezia arriskua gora egiten ari dela. 2019 eta 2026 urteen artean erosketa saskia % 46 garestitu da, eta etxebizitza %37; aldiz, soldatak % 20 baino ez dira handitu. Aitzitik, enpresen etekinak gero eta handiagoak dira. ELAk adierazi dionez, “aberastasunaren banaketari dagokionez arazo nabarmena dugu, zerga-politika patronalaren eta kapitalaren neurrira egiten baita”.
ELAk lehendakari esan dio gobernuko bi alderdiek proposatu duten zerga-erreforma “iraingarria” dela larrien dauden familientzat: gero eta jende gehiago nekez iristen da hilaren amaiera, baina gobernuko kideak gehien dutenei mesede egiten tematzen dira. ELAk gogoratu du aldundiek ezarri izan dituzten onura fiskalen ondorioz, enpresek etekinen % 9 besterik ez dutela ordaintzen.
Horrenbestez, ELAk eskatu du inbertsio handiagoa egin dadila Osakidetzako langile guztien beharrizanei aurre egiteko; lantaldeak egonkortu, ratioak hobetu eta Hezkuntzan euskarazko murgiltze eredua ezar dadila, baita etxebizitza hutsak alokairutarako izan daitezen behartzeko politika ezartzea ere (honekin batera alokairuko etxebizitza publikoak eraiki behar dira). Horretarako beharrezkoa da zerga-erreforma bat, baina ez EAJk eta PSEk iragarri dutena, kontrakoa baizik: Kapital-errenten pribilegioak kendu behar dira eta enpresek etekinen % 25 ordaindu behar dute gutxienez.
Hemen erabakitako LGS, zehazteke
Bestalde, ELAk lehendakariari eskatu dio LGS propioaren auzian ezer ez egiteko jarrera alde batera utz dezala eta konpromiso publikoa har dezala Confebask behartzeko lanbidearteko akordio bat negoziatzera, aurten 1.500 euroko gutxieneko soldata ezar dadin.
Gainera, sindikatuak Pradalesi galdegin dio berariaz hitz eman dezala ez duela Elkarrizketa Sozialeko Legea bultzatuko, honen xedea baita UGTri eta CCOOi gehiengoa ematea, herri honetako langile-klaseak eman ez dien gehiengoa. Are, legegai horrekin ELA eta LAB zigortu nahi dituzte zentzugabekeria horretan parte hartu nahi ez dutelako.
Halaber, ELAk bere kezka azaldu du euskararen egoera dela eta; sindikatuak esan duen moduan, oraindik ere Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakunde publikoetan, esaterako Lan Harremanen Kontseiluan (LHK), gaztelania inposatzen da hizkuntza bakar moduan. ELAk euskararekiko konpromiso handiagoa galdatu du, eta bitartekoak eskatu ditu herritar bakoitzak hautatzen duen hizkuntza erabiltzeko aukera izan dezan.