LEHENDAKARIORDEAREKIN BILERA
ELAk lehendakariordeari eskatu dio lan osasuna lehentasuntzat hartzeko, eta patronalaren gain jar dezala azpimarra lan gatazkak murrizteko
Mitxel Lakuntza idazkari nagusia buru, ELAko Batzorde Eragileko ordezkaritza bat bildu da Mikel Torres lehendakariordearekin Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Sindikatuak bere kezkak eta proposamenak azaldu dizkio bertan.
Sindikatuak borondatea agertu du lehendakariordearekin eta gobernuarekin aldebiko harremana izateko, akordio posibleak lantzeko eta aztertzeko. Sindikatuak gogorarazi duenez, joan den uztailean laurogei proposamen baino gehiagoko dokumentu bat eman zion lehendakariari, Sailaren erantzukizun zuzenarekin lotutako neurriak barne dituena.
Era berean, ELAk bere kezka azaldu du gobernuak erakutsitako jarraikortasun ildoarekin. PSEren eta EAJren arteko gobernu akordioak ez du aurreko gobernuen ildo nagusiak aldatzeko neurri zehatzik jasotzen, ezta aldaketarako benetako borondatea erakusten duten neurririk ere. Zero defizitaren aldeko apustua jasotzen dute datorren urterako aurrekontu jarraibideek, eta horrek jarraikortasuna erakusten du.
Bestalde, ELAk Torresi eskatu dio lan osasuna lehentasuntzat har dezala, EAEko lan istripuen eta lanbide gaixotasunen gehiegizko kopuruekin amaitzeko politikak bermatzeko. Osalanen bultzadarik eta erabakitasun faltaren aurrean, ELAk defendatu du langileen segurtasunaren eta bizitzaren gainetik onurak jartzen dituzten enpresentzako ikuskaritzak eta zigorrak areagotzea. Horregatik behar da lan ikuskatzaileen kopurua 120ra handitu.
Parte hartzeko mahaiei dagokienez, hala nola Osalan, Lanbide, EGAB... ELAk lehendakariordeari eskatu dio hausnarketa zintzoa egin dezala defizit demokratikoari buruz (gehiengoak ez dira errespetatzen eta ordezkaritza usurpatzen da) eta elkarrizketa sozialeko mahaien porrotari buruz. Argi dago langile klasearen arazoak ez direla mahai horietan konpontzen, parte hartzen duten agenteen ezintasunak agerian uzten baitu eraginkortasun falta.
ELAk Torresi politika propioak eskatu dizkio Lan Harremanen eta Gizarte Babesaren Euskal Esparrua lortzeko bidean; besteak beste, gure lurraldean LGS bat legez ezartzeko eskubidea barne har dezan.
Ildo horretan, ELAren eskaera onartzeko eskatu dio Jaurlaritzari etxeko langileek hitzarmen kolektibo bat izan dezaten; eskaera horren tramitazioa martxan dago. ELAk gogorarazi du Lan Sailaren esku dagoela sektore desarautu eta prekarioenetako bateko 30.000 langilek hitzarmen kolektibo bat izatea.
Azkenik, eta lan gatazkei dagokienez, ELAk Jaurlaritzako arduradunei adierazi die patronalaren jarreran eta estrategian jar dezala azpimarra. Lan gatazkak murrizteko modurik onena patronalak jarrera aldatzea da, onartuz azken urteetan marka guztiak gainditu dituzten etekinen banaketaren beharra.
Patronalak oinarrizko hobekuntzak onartzeari uko egin dionez, hala nola KPIaren igoerari edo soldata arrakalarekin amaitzeari, grebak dira hitzarmen gehiago eta hobeak lortzea ahalbidetzen duen tresna.