ELAk Maiatzaren Leheneko ekitaldiak aurkeztu ditu

2005/04/26

Maiatzaren Lehena, egitaraua

  • Goizeko 11:30etan Jesusen Bihotzeko plazan hasiko da manifestazioa
  • Amaieran Bizkaia plazan Alazne Alonso Batzorde Eragileko kideak eta Jose Elorrieta idazkari nagusiak hitz egingo dute.
  • 14:30etan bazkari-jaialdia Barakaldoko BECean.
  • ELAk Maiatzaren Lehenera deitzen du

    Lan duinaren aldeko borrokarako indarrak bat egin

    ELAk egungo egoeran elkarrizketa soziala irtenbiderik gabeko aukera dela uste du: "Gure Maiatzaren Leheneko ekitaldietan elkarrizketa sozialaz ez dugu hitz egingo. Lan merkatuan jasan behar den prekarietatea ikusirik, aurre egiteko aukera bakarra langileak antolatu eta borrokatzea dugu", esan du Jose Elorrietak Maiatzaren Lehena aurkezteko sindikatuak eman duen prentsaurrekoan. Espainia mailan eta Nafarroan urte asko daramate elkarrizketa sozialaren bidetik, eta ez du emaitza onik izan, "hedabideetako oihartzuna eta partaide diren patronal eta sindikatuentzako diruak izan ezik".

    Aurrez, German Kortabarriak salatu duenez, Madrilen prestatzen ari den lan-legeriaren erreforma berriaren ondorioa kaleratze askoz merkeagoa, hots, despido librea izango da, enpresek lanpostuekin nahierara jokatzeko askatasuna izan dezaten. "Hori ez da bide egokia, eta geratzen zaigun aukera bakarra indarrak batu eta borrokatzea da". Prekarietatearen aurka egitea da ELAren helburu estrategikoa, eta beraz, Maiatzaren Leheneko erdigunea ere bera izango da.