ELAk Merkataritzarako akordio marko bat sinatu du bertoko hitzarmen probintzialak blindatzeko

2015/11/25
EAEko merkataritzan gehiengo absolutua duelarik, ELAk sektoreko patronalarekin akordio bat sinatu du bertoko hitzarmen probintzialak blindatu eta hauei lehentasuna emate aldera, estatu mailako hitzarmen eta akordio markoekiko.

Estatu mailan patronalak, CCOOk eta UGTk setaz lortu nahi dute helburu bat: negoziazio kolektiboa zentralizatzea; horregatik ari dira akordio eta hitzarmen estatalak sustatzen, estatuko eremuan gai jakin batzuren negoziazioa esklusiban bereganatzeko; horrela edukirik gabe utzi nahi dituzte sektoreetako hitzarmen probintzialak. Madrildik miseriazko baldintza eta soldatak inposatzen dituzte, sindikatu estatalak gutxiengoa diren esparruetan. Jokabide honen adibide ugari ikusi dugu honez gero: metalgintza, eraikuntza, garbitasuna, ostalaritza, drogeriak, sukaldaritza, etab.

Merkataritzan gauza bera gerta zitekeela ikusirik, ELAk eta Merkataritzako patronalak pasa den uztailean EAE mailako aurreakordio bat sinatu zuten, eta orain behin betiko akordio bihurtu dute. Akordioak hitzarmen probintzialei eta beroietan jasotako gaiei lehentasuna eman nahi die, estatuko patronalak eta sindikatuek ez dezaten aukerarik izan EAEko langileei negoziatzeko gaiak ebasteko.

Bestalde, ELAk eta merkataritzako patronalak Bizkaiko ehunen merkataritzako lan-hitzarmena sinatu dute (honen aurreakordioa ere uztailean sinatu zen).

Besteak beste, hitzarmen honek honako edukiak ditu:

  • Hitzarmenaren iraunaldia: 2009ko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31 bitartean

  • Erreformaren aurkako klausulak:

    • Ultraaktibitatea praktikan mugagabea litzateke, baina EAE mailako hitzarmen bat edo honen ordezkoren bat sinatzen bada 36 hilabetera mugatuko litzateke. Gainera, etorkizuneko hitzarmen estatalen injerentziaren aurka blindatuta dago.

    • Hitzarmenaren inaplikazioa ere saihesten du. Edozein arbitrajera edo Orpriccera jotzeko alde bakoitzaren gehiengoak ados egon behar du.

    • Malgutasuna mugatu egiten da.

  • Hitzarmenaren iraunaldiko urte guztietan soldata igoerak.

  • Orduko 6 euroko plusa ezarriko da txandaka eta 20:30etatik aurrera lan egiten dutenentzat.

  • Lanaldi partzialeko kontratuak arautzen dira: kontratuak gutxienez asteko 20 ordukoak izango dira; egiten diren ordu osagarrien zati bat finkatu egingo da.

  • Gainerako baldintzak: udako zapatu arratsaldez atsedena, antzinatasuna, aldi baterako ezintasunak… Aurreko hitzarmenetan jasotakoa mantentzen da.

  • Urtean lau zapatutan jai izango da.

ELAk oso iritzi positiboa du sektore honetan hainbat urtez borrokan aritu ostean sinatu den akordioaz. Izan ere, ELAk gehiengo absolutua ez duen merkataritzako beste eremuetan sinatu diren hitzarmenak (elikagaiak eta merkataritza orokorra), beste sindikatuek puntu erregresiboak sinatu baitituzte (soldata izoztea, antzinatasun izoztua). ELAk zorionak opa dizkie bere militanteei hauteskunde sindikaletan egin duten lanagatik; sindikatuak berriro lortu du gehiengo absolutua.