MAIATZAREN LEHENA 2025
ELAk milaka militante aterako ditu kalera bertoko LGS bat eskatu eta militarismoa salatzeko

Lakuntzak gogoratu zuenez, “negoziazio kolektiboaren eta prekaritatearen kontrako borrokaren emaitzek ELAren hautua, kontrabotere ereduaren aldekoa, berrestera garamatzate; Euskal Herrian erabakitako gutxieneko soldata (LGS) bide horretan beste urrats bat dugu; honek, gainera, borondate soberanista argia erakusten du”.
Duela zenbait hilabete iragarri zuen bezala, ELAk 1.795 euroko LGS bat aldarrikatzen du aberastasunaren banaketa justuagoa izan dadin: milaka langileren soldata zenbateko horretatik urrun geratzen da, batik bat sektore feminizatu eta arrazializatuetan; hauetako asko oinarrizkoak dira, pandemia garaian agerian geratu zen legez.
Hain zuzen lehentasuna delako lan-baldintza okerrenak dituen jendearen soldata hobetzea, ELAk Confebask eta CEN patronalei gutxieneko proposamen bat luzatu die: Hasteko 1.500 euroko LGS bat ezarriko litzateke, urtean 14 ordainsaritan. Confebasken erantzuna: negoziazioari uko egitea. Nafarroan, berriz, CENek, UGTk eta CCOOk negoziatzeko jarri zen hitzordura ez agertzea erabaki dute.
“ELAk ez du ontzat emango patronalak hemengo LGS bat lortzeko aukerari betoa ezartzerik -nabarmendu zuen Lakuntzak-. Horregatik, beste sindikatu batzuekin batera herri-ekimen legegile (HEL) bat jarri dugu martxan, Gasteizko eta Iruñeko parlamentuek LGS hemen erabakitzea galdegin dezaten. Aukera bikaina dugu orain -erantsi zuen ELAko idazkari nagusiak-. Horregatik beharrezkoa da inplikazio kolektiboa eta pertsonala HELaren aldeko sinadurak biltzerakoan; presioa eragin behar dugu hemengo gutxieneko soldataren alde: Euskal Herriko langileriarentzat lorpen handia litzateke”.
Ane Zelaia: “Armetan diru gehiago xahutuz gero Osasungintza eta Hezkuntzaren kalterako izango da”
Maiatzaren Lehen honetan LGSaren aldarriaz gain ELAk antimilitarismoa aldarrikatuko du, Ane Zelaiak azaldu zuen moduan: “Europar Batzordeak eta NATOk bultzatzen duten militarizazio estrategia mehatxu bat da bake, demokrazia eta eskubide sozialentzat. Potentzia nagusiek -erantsi zuen- beren enpresa handien interesak defenditzen dituzte, gerraren mamua baliabide ekonomikoak eta merkatuak menperatzeko baliatzen dituztelarik”.
Horrenbestez, ELAk nabarmentzen du gerra sistema kapitalistaren ondorio dela; horri aurre egin behar zaio bakearen eta herrien errespetuaren alde egin nahi bada. Ane Zelaiak ohartarazi zuenez, “Europar Batasunak 800.000 milioi euro armagintzara bideratzearen eragin kaltegarrietako bat izango da politika sozialen murrizketa: funts publikoak arma-industriara desbideratu nahi dituzte. Euskal Herrian estrategia hau sustatzen dute enpresa batzuek eta botere ekonomikoak, gobernuen eta alderdi askoren oniritziarekin”. Horregatik, “ELAk euskal erakundeak interpelatuko ditu Maiatzaren Lehen honetan, estrategia belizista horri aurre egin diezaioten eta haien lehentasunak alda ditzaten, bestelako industri-politika bat bultza, zerbitzu publikoak zein politika sozialak indartzearren”.
ELAk aurtengo Maiatzaren Lehenez berdintasuna, justizia soziala, bakea eta antimilitarismoa aldarrikatuko ditu; palestinar herriarekin elkartasuna adieraziko du, eta Israelgo estatua egiten ari den genozidioa salatuko du. Militarismoaren gorakadarekin batera ari da gertatzen eskuin muturraren hazkundea eta, Zelaiak esan zuenez, “Euskal Herrian ere gizarteko sektore jakin batzuetan diskurtso arrazista, matxista edo LGTBIfobikoak hedatzeko arriskua”.
ELAk horri kontrajartzen dizkio borroka sozial eta sindikala eta gizartearen eraldaketa kolektiboa lortzeko konpromiso militantea. Eragin behar da etxebizitza ez izatea negozio, eskubide baizik; zerga-sistemak aberastasuna banatzea, ez aberatsenen interesei mesede egitea, eta hezkuntza publikoa kalitatezkoa izatea, greban dauden langileek galdegin duten bezala. ELAko idazkari nagusiak esan bezala, “borroka horiek egiten dute Euskal Herria hobea izatea”.
Horregatik, ELAk dei egiten du Maiatzaren Lehen honetan Bilboko eta Iruñeko manifestazioetan parte hartzera.
- BILBO. 11:30ak – Jesusen Bihotza
- IRUÑEA. 11:30ak – Erorien Monumentua