ELAk Mittal Steelek Arcelor erosteko egin duen eskaintzaren aurkako jarrera berretsi nahi du

2006/02/02

Europako Metalgintzako Federazioak deituta, Europako hainbat herrialdeetako Arcelorreko langileen ordezkariak bildu ziren atzo Luxenburgon. Bertan, Mittal Steelek Arcelor erosteko egin duen eskaintza aztertu zuten. ELAk ere ordezkaritza bat izan zuen bilera horretan. ELAko ordezkariek adierazi zutenez, "erabakiak hartzen dituzten langileak lantegitik zenbat eta urrunago egon, ondorioak kaskarragoak direla ohartarazi nahi dugu". ELAk 1997-2002 urte bitartean izandako industria kontzentrazioen inguruan defendatutako jarrera eta egungoa oso antzekoak direla azpimarratu zuten.

ELAko ordezkariek aipatu zutenez, "aldeak badaude. Arcelorrekin badugu gizarte elkarrizketa, nahiz eta ez den guk nahi bezain joria, baina etorkizunari erreparatzeko aukera ematen digu. Mittalek Arcelor erosiko balu, enpleguaren kalitatea eta iraunkortasuna kolokan egon daitezke".

ELAk Mittal Steelek Arcelor erosteko egin duen eskaintzaren aurkako jarrera berretsi zuen atzo Luxenburgon. "Mittal Steelek Euskal Herriko eta Europako industriarako duen proiektua ez du zehaztu, eta horrek kezka sortzen digu. Baina ere berean, Arcelor taldeak Euskal Herriko enpresetan aplikatzen ari den politikaren aurkako jarrera agertu nahi dugu; jarrera horrek eragin negatiboak ditu gure industria sarean eta enpleguan".