ELAk mobilizazio eta greba astea deitu ditu urrirako negoziazio kolektiboa indartzeko

2013/07/23
ELAk mobilizazio eta greba astea deitu ditu urrirako negoziazio kolektiboa indartzeko
ELAko ehunka militante Confebask patronalak Bilbon duen egoitzaren aurrean elkarretaratu dira ‘Defendiendo salarios defendemos el empleo. Confebask-i aurre egin!’ lelopean. Kontzentrazioan Confebaskek negoziazio kolektiboaren inguruan daukan jarrera arduragabea salatu da. ELAren helburua, urriaren 21ean hasiko den mobilizazio eta greba aste horrekin, enpresa mailan antolakuntza sindikala hobetzea da, batetik, hitzarmen gehiago sinatzeko.

Adolfo Muñoz "Txiki“k azaldu du "Legea bete egin behar dela” dioela Confebaskek. Hori esaten duenak badaki legea berea dela, berak eskatu duena alegia. Confebaskek nahi du, gainera, sindikalismoak lagun dezala soldaten jaitsiera bake soziala emanez. "Pozarren dago espainiar legeek ultraaktibitatea deuseztatu dutelako, enpresetan sektoreko baldintzak baino okerragoak hitzartu daitezkeelako, derrigorrezko arbitraje bitartez hitzarmenak ez aplikatzeko aukera duelako edota soldatak jaitsi, lan-baldintzen funtsezko aldaketa medio (LBFA)".

ELAko idazkari nagusiaren esanetan Confebask den modukoa agertzen da, diru publikoz lagundutako lobby bat, helburu bakarra duena: eskubide sozial eta laboralak suntsitzea. "Ikusi du politika erabilgarria gertatzen zaiola, soziala den guztia txikitu nahi duelako, eta are gehiago eskatzen dio (oraingoan, minijob alemanen moduko kontratuak). Zer gehiago egiten du? Beldurra sartu; ikusi du langabezia diziplinatzeko arma gisa erabil dezakeela, eta horretan ari da".

Confebaskek ez duela negoziatu nahi duela, salatu du."Enpresarioei gomendatu die “ez dezatela negoziatu, beste erremediorik ezean”; esan du “ultraaktibitatearen galera balia dezatela hitzarmenak goitik behera aldatzeko”; eman dioten monopolioa erabiltzen du beste patronal batzuri ordezkaritza ukatzeko (Euskal Dendak), ez baitu nahi negoziazio kolektiboan berea ez den beste erreferentziarik... Confebaskeko patronalek esaten diete Merkataritzako ELAko ordezkariei Euskal Dendakekin adostutako baldintzak planteatuz gero hitzarmen estatalera joateko prest daudela. Espainiara doaz. Bai, hala da, Made in Spain akordioak nahi dituzte, edukirik gabeak, ezertara behartuko ez dituztenak. Negoziazio kolektiboa blokeatuta dauka patronal batek, Confebaskek, ordezkaritza otorgatua izanik: ez dago hauteskunderik erabakitzeko benetan zein enpresaren ordezkari den".

Muñozen hitzetan patronal honi mozorroa kendu behar zaio. "Ez dauka inolako konpromiso sozialik. Erasoak eta kritikak egiten zaizkio, bai, baina merezi dituelako, bere jarrera autoritarioa, egiten dituen xantaiak eta beldurra erabiltzen duela ikusita. Hau da daukagun patronala"

ELAk mobilizazio eta greba astea deitu urrirako negoziazio kolektiboa indartzeko

Hitzarmen duin bat izatea ez da gure pribilegioa, eskubidea baizik, gaineratu du. Eta eskubide hori borrokatu egin behar dugula. "Ultraaktibitatea amaituta, enpresa asko erasoka hasi da; ordurarteko baldintzak aplikatu behar direnik ukatzen dute; kontratu berriak diskriminazio baldintzatan egin nahi dituzte, hitzarmen okerragoa edo legezko minimoen arabera; hainbat enpresetan, hitzarmen sektoriala sinatuta dagoelarik, LBFAz baliatzen dira soldatak jaisteko..."

ELAren helburua, urriaren 21ean hasiko den mobilizazio eta greba aste horrekin, enpresa mailan antolakuntza sindikala hobetzea da, batetik, hitzarmen gehiago sinatzeko (apiriletik hona 120 hitzarmen berri adostu ditu). Bestetik, enpresan antolatuta, sektoreetako borroka beste era batera landu behar da (Gipuzkoako egoitzetan egin dugun moduan: 64 zentrotatik 61etan enpresa-hitzarmena sinatu da).

ELAk enpresa guztietan azalduko du sektorea, erreforma ostean, ez dela derrigor bete beharreko minimo bat, eta enpresa-hitzarmen batek itun batek baino askoz berme hobea eskaintzen duela lan-baldintzei dagokienez. ELAk antolatu beharra azpimarratuko du, egoera honi aurre egiteko. Gure soldata eta lan-baldintzen alde egiteko aukera bakarra dago, defentsa kolektiboa indartzea eta ekintza sindikaleko protagonista izatea.