Bizkaiko Foru Aldundiaren segurtasun pribatuan

ELAk mobilizazio gehiago aurreikusten ditu 4 greba egun eta gero

2025/04/25
Gaur, apirilak 25, amaitu dira apirileko lau greba egunak. ELAk nabarmendu du Alse Seguridad enpresak ez duela sindikatuaren proposamenari erantzun.

ELAk positibotzat jo du Bizkaiko Foru Aldundiaren segurtasun pribatuko grebaren jarraipena. BFAk ez du adierazpenik egin egun hauetan, baina ELA Alse Seguridad enpresarekin negoziatzen saiatu da. Batzarrak ez zuen eskaintza nahikotzat jo, eta, beraz, ez zen onartu. Sindikatuak enpresari gatazka konpondu ahal izateko bidalitako proposamenak, ordea, ez du erantzunik jaso.

Segurtasun Pribatuaren sektorea prekarizatuta dago, eta Aldundiarentzat zerbitzua ematen dutenen artean gutxien baloratzen den kontrata da, 500 eurorainoko soldata aldearekin. ELAk sektorea duintzeko eskatu du, izan ere, langileek, askotan, txandak bikoiztu behar izaten dituzte soldata handiagoa jasotzeko. Gainera, ELAk adierazi du enpresak ezarritako zereginez gain Aldundiak ezarritako zereginak ere bete behar dituztela.

Gauzak horrela, ELAk lanean eta mobilizatzen jarraituko du lan baldintzak hobetzeko eta Estatuko hitzarmenaren ondorioz prekarizatutako sektore bat duintzeko.