ELAk mobilizazioa egin du patronalak hitzarmenaren negoziazioan ezartzen duen blokeoa salatzeko
ELAk Nafarroako konponketa tailerren hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatu du. 2025eko urtarriletik bilerak egin dira Nafarroako Konponketa Tailerren Elkartearen eta ordezkaritza sindikalaren artean, baina, gaur egun, patronalak oraindik ez du idatzizko proposamenik aurkeztu eta langileentzako funtsezko gaiak blokeatuta mantentzen ditu.
Aurreko hitzarmenak (2019-2024) 2.400 eurotik gorako soldata galera suposatu zuen lehen mailako ofizialentzat, ez baitzuen bermatzen KPIaren araberako eguneraketa. Gainera, hitzarmenak ezarritako taulen gainetik dauden soldatak izoztuta daude. Horri patronalak urteko lanaldia murrizteari ematen dion ezezkoa gehitu behar zaio, 2006tik 1.720 ordukoa dena.
ELAk beharrezkotzat jotzen du, halaber, ibilgailuen elektrifikazioaren ondorioz sektorea bizitzen ari den eraldaketari heltzea, kategoria profesional berriak, prestakuntza, lan arrisku berrien aurrean prebentzio neurriak eta guardien arauketa jasoz. Plantillek tailerren eguneroko funtzionamenduari eusten dioten bitartean, patronalak bere irabaziak lehenesten ditu. ELAk Sagamóvil kontzesionarioaren aurrean mobilizazioa egin du negoziazioa desblokeatzeko eta lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena lortzeko.