ELAk mobilizazioak hasi ditu Atarrabiako Solidus San Andres paper fabrikan erosteko ahalmena berma dadin

2022/10/07
ELAk, 9 ordezkaritik 3rekin, gaur hasi eta beste 9 egunetan izango diren txanda bakoitzeko 2 orduko lanuzteak deitu ditu KPIari lotutako soldata igoerak bermatuko dituen hitzarmen baten negoziazioan aurrera egiteko

ELAk salatu du ez dela aurrerapausorik eman Solidus San Andrés Atarrabiako paper fabrikako hitzarmenaren negoziazioan. 9 hilabete baino gehiagoko negoziazioaren ondoren, negoziazio mahaia hilean behin baino ez da biltzen (datorren bilera urriaren 31n izango da), ia ez dago aurrerapenik, eta enpresak ez du langileei erosteko ahalmena bermatuko dien proposamen ekonomikorik egin.

Enpresaren egoera ekonomikoa positiboa eta errentagarria da, eta dibidendu ugari banatzen ari dira. Baina zuzendaritzak hitzarmenaren negoziazioan egiten duen planteamendu ekonomikoak plantilla pobretzea dakar ( % 6,5eko soldata igoera 2022rako eta % 3,5ekoa 2023rako), proposatutako igoera KPIa baino txikiagoa baita.

ELAk (enpresan 9 ordezkaritik 3 ditu) uste du proposamen hori ez dela nahikoa. Ekainaren 30ean elkarretaratze bat egin ondoren, orain txanda bakoitzeko 2 orduko lanuzteak deitu ditu. Gaur hasi dira eta urriaren 10ean, 13an, 17an, 20an, 24an, 27an eta azaroaren 3an eta 7an izango dira.

ELArentzat tamalgarria da batzordeko gainerako kideek (LABeko 4 ordezkari eta 2 independente) deialdi horiekin bat ez egitea erabaki izana.