ELAk mobilizazioei ekingo die, Bizkaiko egoitzen hitzarmenaren alde

Bizkaiko Egoitzen Hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren laugarren bileran, joan den ostiralean -otsailak 12- izandakoan, sektoreko hiru patronalek (GESCA, ELBE eta LARES) aurreko bileraren proposamen atzerakoiari eutsi diote (lan-erreforma sartzea, soldatak jaistea, lanaldia luzatzea, prekarietate handiagoa), nahiz eta sindikatu guztiok proposamen hori erretiratzeko eskatu.
Patronalek, aldiz, erretiratu beharrean, berretsi egin dute; eta horrela, berez prekarioa den sektore batean, 5.000 langile hartzen dituen sektorean, are gehiago prekarizatzearen aldeko apustua egin dute.
Adarjotze gaizto hori ikusita, ELA, sektoreko %66ko ordezkaritza duena, mahaitik jaiki da. ELA-ordezkarien erantzuna berehalakoa izan da. Aste honetan zehar eskualde-mailako batzarrak antolatuko dituzte, eta gero elkarretaratzeak egingo dira GESCA, LARES eta ELBE patronalen aurrean, eta baita Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean ere, erakunde horrek, itun-orrien bidez, finantzatzen baititu egoitza pribatuetako plaza gehienak.
-
Asteartean, otsailak 16: Fundación Miranda (Miranda etorb. 4, Barakaldo), LARESen egoitzetako bat. Elkarretaratzea: 13:30 – 14:00.
-
Asteazkenean, otsailak 17: Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean (Kale Nagusia 25, Bilbao). Elkarretaratzea: 12:00 – 12:30.
-
Ostegunean, otsailak 18, Bizkotxalde egoitza (Uribarri 3-bis, Basauri), Urgatzik kudeatua, eta GESCA patronalarena. Elkarretaratzea: 13:00 – 13:00.
-
Ostiralean, otsailak 19, Igurco Unbe (Gorri bidea 2, Erandio), GESCArena. Elkarretaratzea: 12:30 – 13:00.
Patronalak bere horretan jarraitzen badu, ELAk mobilizazio gogorragoak berehala bultzatuko dituela iragartzen du.
Era berean, ELAk BFA premiatzen du gatazkan parte hartzera; izan ere, BFA geldotasunean geratu bitartean enpresarien etekinak ugaltzen dira, 5000tik gora emakumeren lan-baldintza prekarioen kontura, eta egoiliarren arreta-baldintzen kontura, eta hori guztia gertatzen da bizkaitar guztion zergen diruz lagundutako sektore batean