ELAk mobilizazioekin eta grebekin jarraitzearen aldeko apustua egiten du Arabako metalean patronalak egindako proposamena nahikoa ez delako

2022/06/14
SEA patronalak aldez aurretik bazekien bere proposamena ez zela nahikoa sindikatuentzat, horregatik ELAk gainontzeko sindikatuei grebekin jarraitzeko proposamena luzatuko die

Arabako metaleko hitzarmenaren negoziazioaren gaurko bileran, SEA patronalak proposamen bat aurkeztu du, aurrekoarekin alderatuta zenbait hobekuntza jasotzen dituena, baina oraindik ez da nahikoa. Proposamen horrek erosteko ahalmena galtzea dakar, ez du urteko lanaldia jaisten, eta baja izanez gero, ez ditu soldata osagarriak hobetzen. Eta dakartzan hobekuntzak, batzuk jurisprudentziak aurreikusten ditu jada, eta beste batzuk ez dira nahikoak, subrogaziorako eskubidea adibidez, oso modu mugatuan geratzen baita. Gainera, patronalak berak bazekien aldez aurretik sindikatuek ez zutela proposamena onartuko, aitortu duen bezala.

Horren aurrean, ELAk mobilizazioekin eta grebekin jarraitzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta Arabako metaleko hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko greba gehiago egiteko proposamena helaraziko die gainerako sindikatuei. Hurrengo negoziazio bilera ekainaren 29an izango da.