ELAk mobilizaziora joko du AENAren pribatizazioa gelditzeko
Arlo publikoa zatikatzeko politikak azken urteotan jasan behar izan dugunak eragin larria izan du, besteak beste, aireportuetako zerbitzu publikoan. Arlo publikotik negozioa egiteko azken pausoa Espainiako Gobernuak eman du AENA pribatizatuz. Iaz, 2014an, 1.800 milioi €-ko etekinak sortu zituen; bestalde, otsailaren 12an baloreen eskaintza publikoa irekiko da, konpainiaren %28agatik, eta gainerako %21 akziodunen talde egonkor bati salduko da.
Aireportuetako zerbitzu publikoa pribatizatzeko planak, hasieratik 2011. urteaz geroztik, nabarmen okertu du zerbitzuen kalitatea, eta gainera, ondorio larriak ekarri dizkie AENAko langileei eta aireportuetako azpikontratetako langileei: enplegu-suntsipena, lan-baldintzen gainbehera, eta lan-prekarietatea.
ELAtik estatuko sindikatuen “elkar aditzea” salatzen dugu, zerbitzu publiko hori zatikatzen lagundu baitute azken urteotan, lan-bermeen akordioa 2011ko martxoaren 16an sinatuz, eta gehiengo sindikalak 2014ko uztailaren 3an berretsiz. Akordio haiek amaiera eman zieten mobilizazio sindikalei, AENAren pribatizazioaren aurkako mobilizazioei. Eta zilegitasuna eman zioten pribatizazioari, Espainiako Gobernuak pribatizazio-planarekin jarraitzeko behar zuen bake soziala horrela lortu baitzuen. Izan ere, 8/2014 ERREGE LEGE-DEKRETUA, UZTAILAREN 4KOA, HAZKUNDE, LEHIAKORTASUN ETA ERAGINKORTASUNERAKO PREMIAZKO NEURRIAK ONETSI ZITUENA lan-bermeen akordioaren luzapena sinatu zen egunaren biharamunean onetsi zen.
Areago, aireportu gehienetako Zentroko Batzordeek hartu behar izan zuten mobilizatzeko erabakia. Eta Madrilgo gobernuari exijitu zioten AENAren %49 pribatizatzeko prozesua bertan behera uzteko, eta aireportuei izaera erabat publikoa gordetzeko. Horrela piztu zen eztabaida soziala, politikoa eta erakunde-mailakoa autonomia-erkidegoetan.
ELArentzat argi dago badaudela arrazoiak mobilizaziorako: AENAren berehalako pribatizazioa, gure aireportuetako baten bat ixteko arriskua, lan-baldintzen gainbehera, enplegu-suntsipena AENAn eta azpikontratetan... Horiek arrazoi nahikoak dira mobilizazioetan parte hartzeko, Hego Euskal Herriko lau aireportuetan Zentroko Batzordeek deituta dituzten mobilizazioetan parte hartzeko.
Espero dugu Sindikatuen Estatuko Batzordeak langileak berriro ez engainatzea Madrilen sinatutako eduki gabeko akordioen bidez, mobilizazioa gelditzeko aitzakia moduan erabiliz.
ELA aireportuetako sare publiko baten alde dago. Gainera aireportuak kudeatzeko eredua hautatzean euskal langileek zer esanik izango dute, gure ustez. Gure aireportuak (Foronda, Hondarribia, Loiu eta Noain-Iruñea) ez dira geratu behar Madrilen hartzen diren erabakien menpean. Alde horretatik, euskal erakundeen engaiamendu eza, zerbitzu publiko horrekiko, salatu behar dugu. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua premiatzen ditugu zeinek bere erantzukizuna hartzera, AENAren pribatizazioari buruz duten iritzia azaltzera, eta Hego Euskal Herrirako nahi duten aireportu-eredua langileekin eta euskal gizartearekin partekatzera.