ELAk Nafarroako Auzitegi Nagusiak Nafarroako Gobernuaren Hondakinen Plana baliogabetu izana positibotzat jotzen du
Nafarroako Auzitegi Nagusiak, Yolanda Barcinaren gobernuak 2010ean onartu zuen Nafarroako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integrala (PIGRNa) baliogabetu zuen atzo.
Plan honek hondakinen errausketaren aldeko apustu garbia egiten zuen,
hiri hondakinen %50a erreko zela baieztatzen baitzuen. Baina Planak ez du
zehazten erraustegia non kokatuko litzatekeen, osasuna eta ingurumenaren
zaintzarako ezinbestekoa dena. Nafarroako Auzitegi Nagusiaren arabera,
kokapena ez zehaztea da PIGRNa baliogabetzen duena.
Auzitegiaren arabera ez da nahikoa kokapen potentzialen mapa bat aurkeztea eta ingurumena eta osasunaren babeserako intentzio onen adierazpen bat egitea; erraustegiaren kokapena zehaztu behar litzateke beharrezkoak diren ingurumen azterketak egiteko eta zero alternatiba, hau da erraustegia ez eraikitzea, ere aztertzeko. Nafarroako Auzitegi Nagusiak Nafarroako Gobernua hondakinen gestiorako plan berri bat onartzera edo PIGRNan aipatzen den erraustegia non kokatuko litzatekeen zehaztera behartzen du.
Planaren onarpen prozesua hasieratik hiritarren parte hartzerik gabe egin
da, eta ingurumena eta osasunarentzat alternatiba iraunkorragoak eta kalte
gutxiago sortzen dituztenak ez dira kontuan hartu. ELAk beti salatu izan du hau,
eta 3Retan (murriztu, berrerabili eta birziklatu) eta “Zero Zabor” filosofian
oinarrituriko Plan berri bat onartzea eta errausketa alde batera uztea exijitu du.