ELAk Nafarroako ehungintza sektoreko enpresa nagusiei hitzarmenaren negoziazioa aktibatzeko galdegin die

2022/09/26
"Este convenio está pasado de moda, eguneratu zaitez!" lelopean, sindikatuak sektoreko langileei antolatzeko deia egin die azken hitzarmena 2009koa den sektore bateko lan baldintzak hobetzeko.

ELA sindikatuak prentsaurrekoa eskaini du gaur Nafarroako ehungintza merkataritzaren sektoreko eta bertako hitzarmen kolektiboaren egoeraren berri emateko. Sektore horretan lan egiten duten gehienak emakumeak dira, saltzaileen kasuan soldata garbia ez da 1.000 eurora iristen, eta gehienek lanaldi partzialak dituztenez, kobratzen duten soldata erreala 300 eta 500 euroko tartekoa izaten da askotan. Hori guztia 6 eguneko lan astea izanik eta igande eta jaiegunetan lan eginez. Bien bitartean, enpresa nagusiek etekin ekonomiko handiak dituzte.

Azken hitzarmen kolektiboa duela 13 urte sinatu zen, 2009an, eta orduz geroztik luzatuta dago. Sinatu eta gutxira, sektoreko patronala desagertu egin zen. Orain arte ez da hitzarmena salatu (berria negoziatzen hasteko legezko baldintza) patronalik ez zegoenez Nafarroako hitzarmen kolektiboa erabat bertan behera geratzeko arriskua zegoelako. Denbora horretan, sektoreko langileen erosteko ahalmena %17,4 jeitsi da.

Egoera aldatu egin da lan erreformak ultraktibitatea jaso duelako. Horregatik, ELAk, sektorean gehiengoa duen sindikatuak, hitzarmena salatu du negoziazio mahaia sortu eta langileen lan baldintzak hobetzeko.

Sektoreko patronalik ez dagoenez, sektoreko enpresen erantzukizuna da negoziazio horri aurre egitea. Besteak beste, INDITEX taldea, Zara, Zara Home, Massimo Dutti, Pull & Bear, Bershka, Stradivarius, Oysho enpresak biltzen dituena; TENDAM taldea, Cortefiel, Pedro Del Hierro, Woman Secret eta Sprinfield biltzen dituena eta H&M eta MANGO enpresak, besteak beste.

ELAk enpresa horiei datozen asteetan negoziatzen hasteko galdegiten die, eta langileei euren lan baldintzak hobetzeko hitzarmena berritzeko antolatu daitezen dei egiten die.