ELAk Nafarroako Gobernuak egindako murrizketak krisia eta enpleguaren suntsiketa suposatzen duela salatzen du

2011/09/08
UPNren eta PSNren Gobernuak, Zapateroren Gobernuarekin 2011rako %1,3ko gehienezko defizita “adostu” ondoren, aurreikusitakoa baino 327,2 milioi euro gutxiago gastatuko dituela erabaki du 2011n, nahiz eta 2010ean gastatutakoa baino aurrekontu txikiagoa izan 2011koa. Gainera, 2012ko aurrekontua 2011koa baino txikiagoa izango dela ere erabaki du.

Gainera, Barcinaren Gobernuak ez du argitu zein izanen diren murrizketak jasango dituzten partidak eta sektoreak.

Erabaki hauen aurrean, ELAk ondorio hauek atera ditu: 

  • Nafarroan ezartzeko gehieneko defizita Madrilen erabakitzeak, autogobernuari uko egitea suposatzen du.

  • Murrizketa honek aurreikusitakoa baino %10 gutxiago gastatzea suposatzen du, BPGd-aren %1,7 gutxiago (memorian 3.845,45 milioi euroko gastua aurreikusten da, gastu fiskalik gabe).

  • UPNk eta PSNk ezartzen duten murrizketa politikak, sektore publikoa ahultzea dakar, eta honek, langabezia gehiago, prekarietate gehiago eta, ondorioz, bizi kalitatearen okertzea dakar.

  • Gaitzesgarria da erabaki hauek hartzerako garaian dagoen gardentasun falta, ez baita esaten non emango diren murrizketak.

Azken urteetan aurrekontuetan murrizketak egiteko ematen den politikak, gizartearentzako eta ekonomiarentzako oso kaltegarria dela argi utzi du. Gastuaren murrizketak ekonomiaren moteltzea dakar, eta hau, enplegu suntsiketan bihurtzen da.

ELArentzat onartezina da Nafarroako Gobernuak fiskaltasuna ez duela aldatuko esatea, eta gastu sozialari kolpeak emanez aurrekontua estutzea.

ELAk gastu soziala eta presio fiskala handitzeko proposamena egiten du berriz ere, aberatsenei, kapitalari eta enpresei zergak jaistea suposatu duten azken urteetan egindako aldaketa fiskalak atzera botaz, eta iruzur fiskalaren aurka borroka eginaz, soldatapekoak ez diren errenta guztiak preskripzio garaian ikuskatuz.