ELAk Nafarroako Gobernuak musukoak erosteko izan zuen jokabidea kritikatu eta 1,8 milioiko galerak bere gain hartzeko eskatu dio CENi

2022/10/27
Sindikatuak Sodenak musukoen erosketan izan duen esku hartzea argitzeko eskatu dio Gobernuari, erantzukizun politiko guztiak argituz. ELAk salatu du lankidetza publiko pribatuak patronalarentzako onura baino ez duela bilatzen, pandemiaren unerik kritikoenean negozioa egiten saiatu zelako.

ELAk Nafarroako Gobernuak 2020ko apirilean musukoen erosketan izandako jokaera kritikatu du, 1,7 milioi musuko erabili gabe gelditu dira honen ondorioz. ELAk frogatutzat jo du eragiketaren erantzukizuna CEN patronalari dagokiola, erakunde horrek ordaindu behar baititu gaur egun diru kutxa publikoa jasaten ari den 1,8 milioi euroko galera.

ELAren arabera, zenbat eta informazio gehiago ezagutu, orduan eta argiago geratzen da CENek onura ekonomikoa izateko tresnatzat hartzen dituela Sodena eta Gobernuaren zeregina, orduko Kontseilari zen Manu Aierdik pandemiaren garairik gogorrenean propaganda egitearen truke.

Nafarroako Gobernuaren, Sodenaren, CENen eta Albyn Medical enpresaren arteko akordio hura lankidetza publiko pribatuaren onuren adibide gisa argitaratu zen. ELAren ustez, egiaztatu da lankidetza publiko pribatuaren benetako interesa ezkutatu nahi dela: erakunde pribatuen onura ekonomikoa, eta arriskua edo galerak beti diru kutxa publikoei dagozkiela. Kasu honetan, bereziki arbuiagarria da pandemiaren unerik gogorrenak patronalak eragiketa horrekin negozioa egin nahi izatea.

Azkenik, jarduteko modu horrek agerian uzten du, beste behin ere, Nafarroako Gobernuaren eta CENen arteko adostasuna, legealdi osoan ez baitu inolako neurririk hartu patronalaren interesen aurka.