industria nafarroa
ELAk Nafarroako Gobernuaren inplikazioa eskatu du industria jasangarria eta kalitatezko enplegua duena bermatzeko

Nafarroan ezinbestekoa da industriaren eraldaketa bat, gaur egungo arazoei aurre egingo diena: atzerriko multinazionalekiko menpekotasun handiegia, energia eta material finituen gehiegizko kontsumoa, eta prekarizazioan oinarritutako lehia eredua.
Enpresen zikoizkeria neurrigabea da milaka langile nafar jasaten ari diren babesgabetasun egoeraren erantzule nagusia (BSHk berak 263 milioi euro irabazi ditu azken bost urteetan). Asko dira mehatxupean dauden plantillak (Nano, Sunsundegi, Gamesa...), eta irabaziak dituzten beste enpresa asko ziurgabetasun egoeraz baliatzen ari dira lan baldintzak okertzen saiatzeko. ELAk lanpostuak defendatzeko konpromisoa berretsi du, gizartea mobilizatzeaz gain, lantokietan grebak bultzatzea beharrezkoa den horretarako.
Baina egoera hau ere 2010etik onartu diren lan erreforma ezberdinek eragiten dute. Erreforma horien ondorioz, biderkatu egin ziren irabaziak zituzten enpresak kaleratzeko aukerak, ezabatu egin zen kaleratze kolektiboen administrazio-kontrola, eta merketu egin ziren kaleratzeagatiko kalte-ordainak. ELA sindikatuak, alderdi politikoek helarazten dituzten elkartasun adierazpenetatik harago, eskatu nahi dieguna da enpresen gehiegikeria hauek galaraziko dituzten legeak bultza ditzatela. Arrazoi horregatik, ELAk uste du otsailaren 16ko manifestazioak alderdi politikoak interpelatu behar dituela lan erreformak indargabetu ditzaten.
Hala ere, orain arte Nafarroako Gobernuaren proposamen bakarra enpresek gero eta zerga gutxiago ordaintzean oinarritutako industria politika dela dirudi. Hortik bakarrik azaltzen dira Maria Chivite lehendakariaren adierazpenak, "6 enpresatik 5ek zerga gutxiago ordaintzen dutela Nafarroan Estatuko gainerako erkidegoetan baino". Nafarroako Parlamentuan abian jarri den Industria Legeak ere ez du jasoko Industriako langileei mesede egingo dien inolako neurririk. ELA izan zen lege hori bultzatzeko sortu zen foroan parte hartu ez zuen sindikatu bakarra, edukirik gabeko foro horretan parte hartzeak Gobernuak legea egitearen prozesua parte-hartzailea izan dela esateko soilik balioko zuelakoan.
Sindikatutik beharrezkotzat jotzen dugu funts bat sortzea industriaren eraldaketa bultzatzeko, sektore estrategikoen esku-hartze publikoa eta banka publiko bat eratzea industria politika bultzatzeko. Trantsizio ekosoziala pertsonen zaintzarekin eta ingurumenaren aldetik jasangarriak diren jarduerak sustatzera zuzendu behar da. Ildo horretan, gaur egun kaleratzeekin mehatxatzen ari diren enpresa gehienak mota horretako jarduerekin lotuta daude (energia eolikoa, bidaiarien garraioa, etxetresna elektrikoen ekoizpena...), eta horrek Nafarroako Gobernuaren esku-hartze zuzena eskatzen du lanpostu horien defentsan.