ELAk Nafarroako Gobernuari galdegin dio bete dezala 2016an aparteko paga ordaintzeko emandako hitza

2015/12/02
ELA ez dator bat enplegatu publikoen ordainsariak direnik Gobernuak aurre egin ezineko gastu bakarra. Sindikatuaren arabera, paga ordaintzeko tartea badago, neurri fiskalak eta aurrekontu aldaketa barne.

Atzo ELAk Nafarroako Gobernuari exijitu zion bete dezala emandako hitza, alegia, 2015 amaiera eta 2016 bitartean funtzio publikoan diharduten langileei zor zaien aparteko pagaren zatia ordainduko ziela. Sindikatu honek nabarmendu du Montorok proposatu duen %1eko soldata igoera eta aparteko paga berreskuratzea ez daudela lotuta, eta ezin direla batera planteatu ordainketa saihesteko.

Sindikatua ez dator bat enplegatu publikoen ordainsariak direnik Gobernuak aurre egin ezineko gastu bakarra. Gobernuak badaki beste aukera batzuk badituela, formula fiskalak edota aurrekontua berrantolatzea, adibidea.

 

ELAk Gobernuari gogoratu arazi dio zerga-erreforma justuago bat egiteko borondaterik ez adierazi ondoren, eta aurrekontuan partida oso zalantzazkoak sartuta -UGT, CCOO eta CENekiko hitzarmenak edota Clinica Universitariaren pribilegioak-, ezin dela onartu langile publikoen eskubidea beste partida sozialekin (osasungintza edota hezkuntza) kontrajartzen saiatzea.

Izan ere, halako jokabidea areago baitagokie zerbitzu publikoak deslegitimatu nahi dituzten alderdiei, haien alde daudenei baino.

Halaber, ezin onartukoa da ere azken urteetan erosteko ahalmenaren ia %20 galdu dutenei solidaritatea eskatzea, eta gauza bera ez egitea kapital- eta ondare-errentekin edota enpresen etekinekin. Bestalde, Estatuaren eskuhartzea mehatxua aipatzea, aparteko paga ordaindu nahi ez dela zuritzeko, sinestezina da.

Azkenik, ELAk gogora arazi nahi du arlo publikoko beste langile askok, esaterako hainbat udaletakoek eta Parlamentukoek, dagoeneko aparteko paga osorik kobratu dutela; horregatik Nafarroako Gobernuari dei egiten dio bere erabakia alda dezan.