Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko eguna

ELAk Nafarroako lan ikuskari kopurua 45era handitzea exijitzeko ekitaldia egingo du apirilaren 26an Labrit pilotalekuan

2024/04/22
Gaur garraiolari bat hil da Arren, bidetik aterata. ELAk salatzen du ezbehar tasa handia enpresek prebentzio araudia sistematikoki urratzen dutelako dela, eta Gobernuak uko egiten diolako ikuskapen bitartekoak handitzeari. Urteko lehen hilabeteetan 22 pertsona hil dira beren lanpostuetan Euskal Herrian, horietako 9 Nafarroan.

Aurtengo Apirilaren 28a, Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko eguna, testuinguru bereziki larri batean suertatu da Nafarroan. Urteko lehen hilabeteetan 22 pertsonek galdu dute bizitza haien lanpostuan Euskal Herrian, eta horietatik 9 Nafarroan izan dira. Lurralde honetan, azken urtean egunero 70 pertsonek pairatu dute lan-istripu bat, eta azarotik martxorako epean astero langile bat hil da.

Egoera honen erantzule nagusiak patronala eta erakunde publikoak dira. Hiru hamarkada ondoren enpresariek prebentzio araudia bete gabe jarraitzen dute inpunitate osoz, eta horren ondorioz, lan istripu hilgarri eta larrien erdiak babes neurri egokien gabeziagatik gertatzen dira. Nafarroako Gobernuak berriz, uko egiten dio ez-betetze horien kontrolerako beharrezkoak diren bitartekoak ezartzeari, lan osasun politiketara bideratutako diru publikoa elkarrizketa sozial ez-eraginkorrean xahutzen duen bitartean.

Nafarroako Lan ikuskaritza Espainiako Gobernuaren eskumena denez, ikuskari kopurua ezin da handitu eskuduntza eskualdatu ezean. 2018ko urrian, Nafarroako Parlamentuak eskualdatze horren aldeko adierazpen bat onartu zuen, PSNren aurkako bozkarekin. ELAk lan ikuskari kopurua handitzea alderdi guztientzat erabateko lehentasuna izatea exijitzen du, Europako bataz-besteko ikuskari kopurua lortzea besterik ez du eskatzen ELAk. Ikuskari kopurua bikoizteko konpromisoa hartu ezean argi geratuko da alderdi politiko ezberdinen konplizitatea enpresari esplotatzaileekin.

Espainiako Gobernuarekin eskuduntza eta baliabideak eztabaidatu bitartean, ELAk ikuskaritzari laguntzeko 25 langile publikoz osatutako unitate berezi bat osatzea exijitzen du prebentzio neurriak betetzen direla bermatzeko eta lan osasunaren aurkako jardunak ikertzeko. Ez dago lan istripu eta gaixotasun profesionalek haina heriotza eta zauritu eragiten dituen kausa ez naturalik eta ELAren eskaera erabat arrazoizkoa da, bestelako delitu batzuentzat erabiltzen diren baliabideak kontuan izanik.

Euskal Herrian urtero 50 langilek baino gehiagok galtzen dute bizia lan-istripuetan, eta istripu horietatik 10 baino gehiago Nafarroan izan ohi dira. Nazioarteko Lanaren Erakundearen arabera, lanaren ondorioz hildakoen %13 soilik hiltzen da lan istripuetan, hau da, urtero ehunka langile hiltzen dira gaixotasun profesionalen ondorioz, gehienak erregistroetan agertu ez arren. Hau da, urtero 77 langile inguruk galtzen du bizia lanaren ondorioz.

Kopurua izugarria izan arren ez da lehentasun politikoa. Aurrekontuen %0,01 baino gutxiago erabiltzen da lan-arriskuen prebentziorako. 2023an Nafarroan 3 erailketa eta 12 lan heriotz izan ziren, baina kaleko segurtasun ezak askoz ere kezka politiko eta mediatiko handiagoa eragiten du lantokietakoak baino, kapitalak eragindako hildakoak albokalteak baitira enpresari eta arduradun politikoentzat.

Langileek lanean bizitza eta osasuna galtzea ez da zori kontua, errudunak eta erantzuleak daude, lanean hiltzea ez da zorte txarraren ondorioa. Enpresek eta gobernuek lan-prekarietatea eragiten dute eta ez dute baliabide nahikorik bideratzen prebentziora. Horregatik dio ELAk hiltzera kondenatzen gaituztela.

Apirilaren 28an Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. ELAk egun honetan lan-istripuan galdutako gure lankideak oroitu nahi ditu. Baina hildako lankideak azkenak izan daitezen egun horretan ez dugu propaganda egunik nahi, gaitz honekin amaitzeko baliabideak jartzeko eguna izatea nahi dugu eta alderdi politikoek aukera paregabea dute konpromiso hori hartzeko. Hau da, hain zuzen, ELAk apirilaren 26an Labrit pilotalekuan egingo duen ekitaldiaren xedea.