ELAk Nafarroako Sabico Seguridad enpresan deitutako grebak erabateko jarraipena izaten ari da

2022/11/17
Estatuko hitzarmen bat aplikatzen zaion plantilla grebaren bigarren egunean dago lantokirako hitzarmen bat negoziatzeko. Hitzarmen horretan KPIaren araberako soldata igoerak, urteko lanaldiaren murrizketa eta bajetan soldata % 100ean osatzea eskatzen da, besteak beste.

Sabico Seguridad sektoreko enpresa nagusietako bat da estatu mailan, eta 15 pertsonek lan egiten dute Nafarroako lantokian alarma sistemen, ingeniaritzan eta administrazio lanak egiten. ELAko 3 ordezkarik eta CCOOko 2k ordezkatzen dituzte.

Segurtasun pribatuko estatuko hitzarmena aplikatzen zaie (CCOOk, UGTk eta USOk sinatua). Hitzarmen hori berriki sinatu da, eta erosteko ahalmena galtzea dakar (soldata KPIaren azpitik igoko delako), eta ez ditu lan baldintza prekarioak hobetuko.

Hori guztia Sabico Seguridad enpresak, Estatu mailan sektoreko enpresa nagusietako bat denak, onura ekonomiko ikaragarriak dituen bitartean.

Horregatik, ELAk greba deitu du azaroaren 16tik abenduaren 16ra, Nafarroako lantokirako hitzarmen propioa negoziatzeko. Hitzarmen honetarako aldarrikapen nagusiak honako hauek dira: 2023. eta 2024. urteetarako KPIaren gaineko soldata igoerak izatea, urteko lanaldia nabarmen murriztea, antzinatasuna hirurtekoen arabera ordaintzea, soldata % 100ean osatzea bajetan, eta euskara ikastea errazteko plan bat egitea, besteak beste.

Gaur, grebaren bigarren egunean, grebaren jarraipena erabatekoa da.