ELAk ohartarazten du Europako Gutun Sozialaren arabera 1.400 euroko gutxieneko soldata dagokiela Euskal Herriko langileei

2022/12/21
Lan Ministerioa CCOO eta UGTrekin bildu da gaur, 2023ko Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren kopurua eztabaidatzeko. Lan Ministerioak proposatu du 46 eta 82 euro arteko igoera, gutxienik Hego Euskal Herriari dagokion gutxieneko soldata baino 318 euro gutxiago.

Europako Gutun Sozialak gomendatzen du estatuetako gutxieneko soldata batez besteko %60 baino handiagoa izan beharko litzatekeela. Espainiar estatuak 2021ean sinatu zuen nazioarteko akordio hori, eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldata horren arabera ari da eztabaidatzen. Lan Ministerioarentzat Aholku Batzorde Tekniko batek egindako lanaren arabera, 2023rako kopurua 1.046 eta 1.082 euroen artean kokatzen da.

Espainiako Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak ez die erantzuten Hego Euskal Herriko langileen beharrei, hemen batez besteko soldataren %60 1.400 euro baitira. Gainera, enpresak irabazi oso handiak izaten ari dira eta KPI handiak bereziki eragiten die soldata baxuak dituzten langileei. Ondorioz, ez da onargarria %4,6 eta %8,2 artean handitzea gutxieneko soldata, elikagaien prezioa %15 hazi bada.

Podemos oposizioan zela %22ko soldata igoera adostu zuen gobernuarekin. Podemos gobernuan denetik eta igoerak Elkarrizketa Sozialeko Mahaian adosten direnetik igoerak askoz ere txikiagoak dira. Iaz gutxieneko soldata 35 euro bakarrik hazi zen, KPIa baino gutxiago.

ELAk exijitzen du gutxieneko soldata ezarri dadila lurralde bakoitzaren egoeraren arabera. Besteak beste, EAEn gutxieneko soldata aplikatzen zaien 55.000 langileek (ez dago Nafarroako datu ofizialik) Hego Euskal Herrian bizitzeko moduko soldata behar baitute. Lanbidearteko Gutxieneko Soldata jasotzen duten langile gehienak etxeko lanean ari diren emakumeak dira eta Espainian onartutako gutxieneko soldatak pobreziara kondenatuko ditu hemendik aurrera ere.