ELAk Olanori eskatu dio sindikatuaren aurka egindako akusazio larriak zuzentzeko eta Gipuzkoako zahar-egoitzetako gatazka konpontzeko

2020/10/07
Markel Olanok Euskadi Irratian egindako adierazpenetan esan du langileek eta sindikatuak euren interesak jarri dituzte egoiliarren osasunaren interesen aurretik. Hortaz gain abiarazitako ekintzek (salaketak, grebak...) hildako eta kutsatze gehiago eragin dituztela iradokiz. ELArentzat oso larria da Diputatu Nagusi batek, maiatzaren 5ean egin zitzaion bilera-eskaerari 5 hilabetetan erantzuteko gai izan ez denak, sindikatu nagusiarekin behin eta berriz biltzeari uko egin dionak, ELAk Gipuzkoako ezahar-egoitzetan egindako ekintzek egoiliarren osasunean kaltea eragin dutela esatea.

Salatu behar da, halaber, atzo egindako grebaren aurrean, berriro ere balioetsi duela huts egiten duen eredu bat, enpresen onura ekonomikoan oinarritzen dena, eta ez gure adinekoen zaintzan. Beste behin ere, sektore honek behar dituen egiturazko aldaketei ekiteko borondaterik ez dagoela argi utzita, pandemiarekin agerian geratu den bezala.

Ereduaren defentsa egiteko, ELAk sektorean jarritako salaketak aipatu ditu, langileen eta, beraz, egoiliarren osasuna eta segurtasuna ez bermatzeagatik. Gogoratu behar da ordea, batean izan ezik, epaitegiek onartu egin zituztela sindikatuak eskatutako kautelazko neurriak. Kautelazko neurri horiei esker iritsi ziren NBEak (norbera babesteko ekipamenduak), egoitzetan ez zeudenak.

 

Pandemiak iraun zuen bitartean, honako zentro hauek izan ziren salatutakoak Gipuzkoan:

*Berra Egoitza, Donostia (76 erabiltzaile positibo: 117 erabiltzaile guztira, 20 hildako COVIDaren ondorioz, 14 hildako ez Covid, 43 langile positibo COVIDen ondorioz, hainbat ondorio larriekin. Kudeatzen duen enpresa: DOMUS VI, Frantziako multinazionala, funts britainiarrekin eta Espainian hildako gehien dituena beren egoitzetan).

*San Jose, Ordizia (54 erabiltzaile positibo: 68 erabiltzaile guztira; 25 hildako COVIDaren ondorioz; 9 hildako ez Covid; 22 langile positibo; hainbat egunetan ospitalean ingresatuak. Kudeatzen duen enpresa: Eulen soziosanitario + Kabia (EULEN Kataluniako Gobernuak baztertu egin zuen bi egoitzetzan).

*Argixao, Zumarraga (76 laguneko 33 postibo, 11 hildako COVIDaren ondorioz, 9 hildako ez Covid, 18 langile positibo). Kudeatzen duen enpresa:GEROZERLAN SL, Matia Fundazioa eta Construcciones Moyua enpresak sortua).

*Iturbide, Arrasate (81 erabiltzaile positibo: 83 erabiltzaile guztira, 26 hildako COVIDaren ondorioz, 11 hildako ez Covid, 29 langile positibo). Kudeatzen duen enpresa; S.S Aita Menni S.L).

*R. YURRAMENDI, Tolosa (55 erabiltzaile positibo, 15 hildako COVIDaren ondorioz, 10 ez COVID, 27 langile positibo). Kudeatzen duen enpresa: Zu eta Biok + Kabia).

Osasun Sailetikan ateratako datuak erabiltzaileen kasuan, ELA sindikatutikan langileen datuak.

 

Bost egoitza hauetan: 299 erabiltzaile kutsatu dira guztira, 97 hildako COVID egon dira, 53 hildako ez COVID, 131 langile COVID bidez kutsatuta. Guzti hau zabor-poltsekin, egoiliarrak modulatuta egon gabe eta 5 egunerako maskara bakar batekin lan egiten zuten bitartean gertatu zen. Datu horiek ikusita, ELAk berresten du langileen eta egoiliarren osasuna eta segurtasuna ez zela bermatuta egon pandemiaren lehen hilabeteetan.

Sindikatuak salatu nahi du, halaber, patronalen ekintza eza sektore honetan. Hiru urteko gatazka ondoren ez dira mugitzen eta gutxi balitz Adegi, sektoreko patronal nagusia, bitartean %9ko igoera mahaigaineratzen ditu sektore pribatuan.

Gezurra dirudi gertatutakoaren ondoren Aldundiak eta sektoreko patronalek ulertu ez izana gizarte batean lehentasunezkoa pertsonak eta bizitza zaintzea izan behar dela. Hori gutxi balitz sektore hau aurrera atera duten langileek, beraien bizitza jokoan jarri duten horiek, gaur Markel Olanoren hitzak entzun behar izan dituzte.

Azkenik, ELA sindikatuak beti erakutsi duen akordiorako borondatea berretsi nahi dugu. Markel Olanorekin edo berak egokitzat jotzen duen pertsonarekin biltzeko prest jarraitzen dugu, sektoreko langileen lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetuko dituen akordio batera iristeko helburuarekin.