ARMAGINTZA
ELAk onartezintzat jo du Mikel Torres lehendakariordeak sektoreari emandako babesa

Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak adierazi du ez zaiola beldurrik izan behar armagintza sektoreari, eta Eusko Jaurlaritzak ezin duela beste aldera begiratu horrelako negozio aukera baten aurrean. ELAk, ordea, uste du oso larria dela “estrategia belizista normalizatzen duten horrelako diskurtsoak zabaltzea, eta gobernuak askotan giza eskubideak errespetatzen ez dituzten industria sektoreetan inplikatzea”.
ELAk dio egungo olatu erreakzionarioa, Trump fenomenoak handitua, ez dela gure herrialdetik kanpo geratzen. Gauzak horrela, salatu du NATOk (herrialde kide bakoitzeko BPGaren % 2) eta Trumpen administrazioak (BPGaren % 5era igotzea eskatzen du) sustatzen duten gastu militarraren handitzeak negoziorako aukera gisa ikusi duela euskal patronalak. “Zedarriak enpresa-lobby-ak planteatu zuen industria militarra aukera bat zela euskal enpresentzat. Oraingo honetan, Torres lehendakariordeak ikuspegi hori babestu du, eta Eusko Jaurlaritza industria militarraren defendatzaile aktibo gisa kokatzen du”, kexu da sindikatua.
Gainera, dio ELAk, hori guztia desindustrializazio prozesu larri baten erdian gertatzen da, non Eusko Jaurlaritzak krisian dauden enpresetan duen papera eztabaidagarria izaten ari den. Laudioko Guardian Glassen kasua jarri du adide gisa. Izan ere, hirugarren inbertitzaileak bilatu eta langileak babestu dituela esan duen bitartean, labearen itzalketa babestu eta gainbegiratu du, eta, horrela, enpresa itxiarazi du. Eta, aldi berean, Pradalesko Gobernuak esan du defentsaren sektorea babestu behar dela.
ELAk uste du gure herriaren etorkizun industrialak pixkanaka deuseztatu beharko lukeela armagintzako ekoizpena, sektorea bultzatu beharrean. Era berean, iradoku du gaur egun horretan diharduten enpresek zein herrialdetara esportatzen duten eta zein helbururekin esportatzen duten jakinarazi beharko lukete.
ELAk gogorarazi du egungo erronka handienetako bat ekonomiaren trantsizio ekologikoa eta soziala dela. Eta prozesu horretan, administrazio publikoek funtsezko zeregina izan behar dute dio, arma sektoreari ematen zaion edozein laguntza baztertuz.