ELAk ondo irizten dio EAEko Goi-Auzitegiko fiskaltzak opor fiskalen inguruko salaketari buruzko ikerketa diligentziak hasi izana
ELAren ustez onartezina da 2006an opor fiskalak legez kanpokoak zirela ebatzi zen arren, Europar Batzordeak egindako eskariak behin eta berriz bete ez izana, 2011ko irailera arte; bide batez, agintariek herritarrei gezurra esan zieten, errepikatu egin baitzuten laguntzak berreskuratuta zeudela ordurako.
Erreklamatu beharreko zenbatekoak handiak ziren, baina auzia areago okertu zen administrazioen jokabide arduragabe horrek Batzordearen 30 milioi euroko isuna ekarri zuelako.
Gertakariak ikusita, EAEko Fiskalburuak egoki ikusi du ikertzeko diligentziei ekitea, eta gai honi buruzko hainbat xehetasun eskatzea Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuari, baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Diputatu Nagusiei ere.
Sindikatu honen irudiko, honelako jokabideak jasanezinak eta zigortzeko modukoak dira: Bere eginbeharrak ez betetzeaz gainera, arduradun politikoek herritarren ongizateari kalte egiten diote, dirutza hori ordaindu beharrak hainbat arlotako murrizketak egitera baitarama, esaterako kontziliazio prestazioetan, Gizarte-Larrialdietarako laguntzetan edota osasungintza eta hezkuntzan. Horregatik egin du ELAk salaketa hau, eta ardurak argi daitezela eskatu.