ELAren ustez bakearen bidean aurrera egiteko baliagarria da ETAren erabakia

2018/05/03
ELAk ongi deritzo ETAk bere ibilbidea amaitutzat emateko hartu duen erabakiari. Erabaki hau bat dator bere jarduera armatua bukatzeko 2011ko urriaren hartu zuenarekin. Une egokian dator, iaz armagabetzea burutu ondoren, hain zuzen ere. Esan beharra dago bakearen bidean aurrera egiteko baliagarria izango dela urrats hau, duela gutxi, eragindako saminari buruz egin zuen adierazpenarekin batera.

Jatorri edo xede politikoa izan duen eta hamarkada luzez iraun duen indarkeriak gogor astindu gaitu. Hori dela eta, ELAk beti salatu du indarkeria horren existentzia bera. Urte luzez eta modu injustuan sufritu dugu, gaur egun, oraindik ere, elkarbizitza baldintzatzen duen indarkeriaren ondorioz. Maiz borroka herritarretan zilegi ez zen injerentzia izan da, gure herriaren bizitza sozial eta politikoa era larrian baldintzatu duena.

Gaur ELAk gogoan ditu biktima guztiak, besteak beste, noski, ETAren bortizkeria -era askotan- jasan duten sindikatuko militanteak. Horien artean, gure oroitzapenik sentituena bihoa hil zituztenengana, baita beren senideengana ere: Goikoetxea, Doral, Gomez Elosegi, Agirre, Pedrosa, Uribe... Bestalde, ez ditugu ahazten talde paramilitarrek eta segurtasun indarrek hainbeste aldiz urratu zituzten giza eskubideak; kasu hauetako gehienetan oraindik ez da zigorrik ezarri, esaterako Zabaltzaren kasuan; berau sindikatuko kidea zen eta Guardia Zibilaren eskuetan zegoela hil zuten.

Nolanahi ere, aintzat hartzen dugu prozesu hau egiteko modua, espainiar estatuaren aurkakotasun aktiboa topatu duelarik. Horregatik nabarmendu nahi dugu gizarte zibileko pertsona eta organizazioek izan duten kemen militantea, horrek egin baitu posible prozesu hori, batik bat armagabetzearen auzi kritikoan.

ELAk uste du etorkizunera begira jartzeko unea dela; premiaz hartu behar dira erabakiak bakea eraikitzeko, baina ez ahazturaren gainean, baizik oinarritzat egia, gizabidea eta justizia hartuz. Horretarako,

  • ELAk galdatzen dio espainiar gobernuari urrunduta dituen presoak hurbil ditzala, eta askatu gaixorik daudenak. Espetxeko lehen graduaren erabilpen orokor eta justifikatu gabea bertan behera utzi behar da.

  • ELAk eskatzen die espainiar Parlamentuan ordezkaritza duten indar politikoei eragin ditzatela lege-erreformak bertan behera gera dadin militante eta organizazioei ezartzen zaien salbuespenezko tratua. Biziarteko zigorrak indargabetu behar dira. Halaber, amaitu egin behar da estatuko aparatuek eragin dituzten giza-eskubideen urraketak duen inpunitatea.

  • ELAk justizia trantsizionala aldezten du, zeinak lagunduko lukeen ezagutzen gure herrian benetan zer gertatu den. Biktimei erreparazioa zor zaie. Abusuekin zerikusia izan duten erakundeak erreformatu egin behar dira. Behar bezala legitimatutako batzordeek ikertzeko aukera izan behar dute, pairatu izan dugun sufrimenduaren bisio osoa izan dezagun.

  • Dei egiten diegu euskal indar politikoei susta dezatela elkarrizketa eraikitzailea, adiskidetze eta bizikidetza aldera aurrera egiteko moduan izan gaitezen.

ELAren ustez, gure herriak ez du behar orain errelatoen lehiarik; halakoetan gero eta zailagoa gertatzen da bereiztea zer den interpretazio zilegia eta zer politika bahituta mantentzeko borondatea, edo areago, arerioaren proiektu politikoaren izaera demokratikoa zalantzan jartzeko asmoa.

ELAren iritziz une hau egokia da gogoratzeko Euskal Herriak emari sozial eta militante izugarria duela, eta emari hori, finkatu beharreko bake egoera honetan, bideratu behar dugula justizia sozialaren eta askapen nazionalaren aldeko borrokara. Hori da etorkizunerako gure nahia.