ELAk ongi irizten dio mahai orokorreko akordioari
Mahai Orokorreko negoziazioa
Gobernuaren Mahai Orokorrean –65.000tik gora langile publikori eragiten dion esparrua– ELAk sinatutako akordio bat azken aldiz 2000. urtean iritsi zen; orduan ezarri zen sektore publikoan 35 orduko lanaldia. Ordutik hona esparru honetan ez da gehiengoak sinatutako akordiorik izan. Azken bederatzi urteetan gutxiengoekin sinatutako akordioak eta dekretuak ezarri dira, betiere eduki handirik gabekoak. Horrexegatik ez zuen ELAk horietan parte hartu. Aurreko Jaurlaritzak epealdi hau setaz baliatu zuen ezegonkortasuna areagotu, lanpostu hutsak bete ez eta kolokako enplegua sortzeko.
Bederatzi urteotan Administrazioko lan-baldintzak zeharo okertu dira, eta ELAk kritika gogorra egin izan die Gobernuan zeuden alderdiei; izan ere, beren erabaki politikoekin prekarietatea %30eraino eraman dute (aldi baterako langileak edo iruzurrean egindako kontratuak zituztenak); ingurukoentzat negozio pribatuak erraztu dituzte, mugarik gabeko pribatizazio eta azpikontratazioa eginez; baliabideen kudeaketa ekonomizista hutsa egin dute, langile kopurua eskasegia zelarik... Hori guztia medio ELAk hainbat gatazka izan du azken urteoetan Jaurlaritzarekin (Osakidetzan, 2005, 2006 eta 2008ko grebak; Hezkuntzan, 2006 eta 2007ko greba, edota administrazio autonomoko langileen gatazka luzea, nahiz Ertzaintzako langileena).
Bederatzi urtez batzuk ELAri leporatu diote ez zuela inongo akordiorik lortu nahi; bere jarrera ezezko biribila zela beti. Ziotenez, ELA sasian zebilen, eta baten batek estrategia politiko baten zantzua ikusten zuen sindikatuaren jarreran. Dena dela ere, ELAk beti defenditu izan ditu langileen interesak, baita zerbitzu publiko sendo, zabal eta kalitatezkoa ere, euskal langile-klasearen beharrizanak asebeteko zituena.
Edukiak
“Akordio oso positiboa, eduki garrantzitsuak dituena”; horrela definitu du ELAk akordioa. Honekin administrazioan dagoen prekarietate itzelari aurre egin nahi zaio. Enplegua egonkortzeko 12.692 lanposturi esker (bitarteko zein aldi baterako pertsonala), kolokako enplegua %30etik %8ra jaitsiko da. “Ziur asko hau ez da nahikoa, baina pauso handi bat da”, sindikatuaren iritziz. Gainera, azpikontratazioa mugatu egingo da eta subrogazioa bermatu; azpikontratentzat lan egiten duten langileen homologazio prozesuak sustatuko dira, administrazioko beharginen parean jar daitezen, eta euskalduntze prozesuak bultzako dira, bai Administrazioaren baitan, bai kanpora begira ere. Lekualdatze lehiaketak egingo direla hitzartu da, sektore bakoitzeko lanpostu huts guztiak osatzeko, eta sektore guztietan lizentziak gorantz berdinduko dira; bestalde, norbere gauzetarako 6 egunak orain arte eskubide hori ez zutenek ere hartu ahal izango dituzte (Ertzaintza eta Administrazio Orokorra).
Eraso dioten guztien aurrean ELAk irizpide bati eutsi izan dio beti: Akordioak sinatzea ala ez edukien araberako erabakia da: “edukirik gabe ez dago sinadurarik”. Eta akordio honek horixe frogatzen du.
Xehetasunak
- 12.692 plaza hainbat sektoretako enplegu eskaintza publikoetarako. Hauetatik 5.000 ezkutuko enpleguari dagozkion lanpostuak dira (aldi baterako kontratua duen jendea, sarri lege-iruzurra medio; nahiago zuten bata bestearen atzetik aldi baterako kontratuak egin).
- Azpikontratak: Gehiago ez hedatzeko eta egun daudenak erdira murrizteko konpromisoa
- Subrogazioa baldintza-agirietan jasoko da, azpikontratetan diharduten langileei enplegua bermatzeko, enpresa aldatzen denean
- Azpikontraten baldintza-agirietan irizpide sozialak jasotzeko konpromisoa
- Azpikontratetan homologazio prozesuak bultzatzeko konpromisoa
- Euskararen erabilpena sustatzeko konpromisoa (bai herritarrekiko harremanetan, bai laneko hizkuntza gisa), eta sektore bakoitzean orain arte ezarrita dagoena erabat errespetatuko da, gutxienik
- Hutsik dauden lanpostu guztiak hartuko dituzten lekualdatze lehiaketak
Lizentziak gorantz berdinduko dira
- Orain arte aitortuta ez zituzten sektoreetan ere norbere eginbeharretarako 6 egunak hartzeko aukera
- Errelebo-kontratua laboralentzat
- %0,3ko soldata igoera oinarrizko kontzeptuetan eta 2007-2008 urteetan jasotako %1,2a finkatzea, baita aparteko ordainsarien %0,5eko igoera ere.
- 2011rako, 2010ko KPI + aparteko ordainsarietako %0,5
Horrenbestez, ELAk akordioari oro har ongi irizten dio. Noski, akordio hau ere azken urteotan ELAk egin izan dituen presio eta mobilizazio ekimenen ondorio ere bada. Lanpostuak finkatzea (4.604 aurrekontuan jasoko dira) lorpen garrantzitsua da. Enplegua galtzen ari den uneotan berebiziko garrantzia duen akordio sindikal bat dugu hau.
Guzti honengatik, ELAk oro har akordioari ongi iritzi dio. Eta nabarmendu duenez, “zalantzarik gabe, akordio hau azken urteotan izandako presio eta mobilizazioen fruitu dugu”. Lanpostuak egonkortzeko, aurrekontuetara eramandako 4.604 plaza aurrerapauso nabaria da. Enplegu suntsiketaren garai honetan garrantzi handiko akordioa da ELAren aburuz.
Aldi baterako enplegua finkatzea eta EEP deialdiak