Familien Legeak baditu aurrerapenak, baina kontziliazioak lan erreforma sakona behar du

2022/12/14
ELAk ontzat eman ditu Espainiako Gobernuak aurkeztutako Familien Legearen aurreproiektuaren aurrerapen sozialak. Hala ere, ELAk kritikatu du legearen onarpena gehiegi atzeratzen ari dela, oraindik aurreproiektu fasean baitago.

Aurreproiektu horrek hiru baimen mota jasotzen ditu, besteak beste:

- Bigarren mailarainoko ahaideak eta bizikideak zaintzeko 5 eguneko baimen ordaindua.

- Ordaindutako baimena, berehalako arreta behar duen familiartekoren baten ezinbesteko absentziagatik; lau egunekoa izango da.

- Zortzi asteko guraso baimena, modu jarraituan edo tartekatuta hartu ahal izango dena adingabeak zortzi urte bete arte (baina ez da ordainduko, Europako arauak hala eskatzen badu ere).

ELAren ustez baimen horiek  aurrerapenak dakartzate honako bi arloetan: alde batetik, zaintzarako eskubidea aitortzen da (orain arte gaixotasun larriak eta ospitaleratzeak baldintza gisa jartzen ziren), eta, bestetik, familia tradizionalaren eredua gainditzen da, eskubide hori bizikide bat zaintzeko hedapenarekin, ahaidetasun loturaren (odol kidetasuna) beharrik gabe.

Hala ere, ELAk uste du:

- Aurten onartutako lan erreformaren negoziazioan aukera paregabea galdu dela gai horietan aurrera egiteko.

- Kontziliatzeko modurik eraginkorrena enpleguaren egonkortasuna da, lanaldi osoko kontratuen, kontratu mugagabeen eta urteko lanaldiaren murrizketaren bidez. Lan erreformak ez zion erantzunik eman horri, lanaldi partzialeko kontratuek gora egin dutelako eta urteko gehieneko lanaldia ez zelako murriztu. Gainera, obra kontratuen ordez aldizkako kontratu finkoak luzatu ziren.

- Arau horren bidez, gerta daiteke emakumeek bakarrik har ditzatela horrelako baimenak, boluntarioak baitira, eta zaintza lanak, batez ere, emakumeek egin ditzakete. Hori saihesteko neurri gehigarriak egon behar dira.

ELAk deitoratu du beste neurri batzuk lege honetatik kanpo geratuko izana, hala nola amatasun/aitatasun baimena luzatzea edo guraso bakarreko familien kasuan bi bajak metatzeko aukera. ELAk kontziliazioan eta lan eta bizi baldintzen hobekuntzan aurrera egiteko konpromisoa du, negoziazio kolektiboaren bidez eta sektore eta enpresetan patronalari boterea emanez mobilizazioaren bidez.