Nafarroako ehungintza eta oinetakoen sektorea
ELAk ordezkaritza duen enpresetan hitzarmenak bultzatuko ditu Nafarroako hitzarmenaren blokeoa dela eta

Nafarroako ehungintzaren eta oinetakoen sektoreko egoera guztiz prekarioa da. Hitzarmen kolektiboa 2009an amaitu zen, eta, harrezkero, langileek erosahalmenaren % 27,1eko galera izan dute. Sektore feminizatua da, partzialtasun handikoa, igande eta jaiegunetan lan egiten da eta lanaldia astean sei egunekoa da. Gainera, digitalizazioak lanpostu asko suntsitu ditu.
Egoera horren aurrean, ELAk 2022an ireki zuen Nafarroako sektoreko hitzarmenaren negoziazioa. Baina ELAk probintziako hitzarmena negoziatzeko mahaia ezartzeko ahaleginak egin arren, ARTE patronalak Nafarroarako hitzarmen sektorial bat negoziatzeko prestasunik ez du izan.
Izan ere, ARTE patronala estatu mailako hitzarmena negoziatzen ari da CCOO, UGT eta FETICO sindikatuekin. Estatu mailako hitzarmenetako lan baldintzak beti dira Nafarroako eremuko hitzarmenetakoak baino okerragoak. Eta Madrilen sindikatu horiekin negoziatzen ari diren hitzarmenak hemengo lan baldintzak okertuko ditu eta ELAk ordezkaritza handiagoa duen beste probintzia batzuetan bermatuta dauden gaiak ezabatzen ditu.
Egoera honen aurrean, ELAk negoziazioak hasi ditu ordezkaritza sindikala duen enpresa guztietan lan baldintzak hobetzeko, enpresaz enpresa hitzarmen kolektiboak negoziatuz. Besteak beste, ELAk hitzarmenak bultzatuko ditu Woman Secret, Springfield, Cortefield, Stradivarius, H&M, Zarahome, Massimo Dutti, Ulanka, Calvin Klain, Merkacalzado eta Tramasen.
ELAk lan eskubideen defentsarekin duen konpromisoa H&M eta TENDAM (Woman Secret, Springfield, Cortefield) enpresetan mobilizazioak eta grebak egin ondoren lortutako akordioek erakusten dute. H&M enpresan soldatak % 24,7 igotzea lortu zen, eta TENDAMen, berriz, %8,5eko soldata igoera lortu zen 2024rako, aparteko orduak ordaintzea eta taldeko kate guztietan jaiegunetan ordaintzeko baldintzak gorantz berdintzea.