ELAk dio, Osakidetzako langileen eginkizunak eta egutegia aldatzen ari direla eta beraien eskubideak murrizten

2020/04/08
ELAk kritikatu egin du Osakidetzako zuzendaritzak bere langileekiko duen planifikazio eta begirune falta. Azken adibide, Aste Santuko egun hauetarako hartutako neurriak izan dira. Osakidetzak, osasun-zentroek eta asteburuetan edo jaiegunetan funtzionatzen ez duten beste zerbitzu batzuek egun hauetan martxan egongo direla adierazi du. Aldez aurretik ezarritako jai-egutegia izanik, Osakidetzak astelehen honetan bertan eman du irekieran agindua. Gauzak horrela, Aste Santua hasi baino hiru egun eskas lehenago izan zuten langileek aurretik planifikatu zitekeen zerbaiten berri. Hori gutxi balitz, langile askok komunikabideen bidez izan zuten neurri horren berri; izan ere, astelehen goizean bertan, Osakidetzak instrukzioa eman zuen egunean justu, hedabideek dagoeneko eman zuten neurri berrien aditzera.

Gainera, Osakidetzak ez du argitu nola ordainduko edo konpentsatuko dituen zerbitzu horiek. Ez du inolako negoziaziorik ireki langileen ordezkariekin, eta ez du horri buruzko jakinarazpenik egin. Garbi dugun bakarra da plantillak lanera joan behar duela, eta, oraingoz, Aste Santurako hartutako neurriek eta aurretik hartutakoek eragin ditzaketen gastu gehigarriez ere arduratu beharko duela Osakidetzak: langile batzuk beste lantoki batzuetara bidali dira lanera, eta, gaur egun, euren gain hartu dituzte joan-etorriko gastuak

ELAk Osakidetzari eskatzen dio berehala ordaindu eta konpentsatu ditzala plantillaren aparteko zerbitzuak, eta esfortzua, eskakizun, inprobisazioa eta plangintza-faltaren kontuan hartu ditzala ordainsarien modu eta zenbatekoan. Langileei aplikatzen ari zaizkien antolaketa-neurrien ondorioz beren gain hartu behar izaten ari diren aparteko gastu guztien kargu egitea ere exijitzen dugu. Azkenik, egin beharreko doikuntza eta berrantolaketa guztiak behar bezalako koordinazio, plangintza, komunikazio eta irizpideen uniformetasunarekin egitea eskatzen dugu.

Bizitzen ari garen osasun-krisian Osakidetzako langileak ahalegin handia egiten ari dira, bai fisikoki, bai psikologikoki, arreta-lana bere gain hartu ahal izateko. Lan-kargaz gainezka daude, eta behin eta berriz salatu dugun bezala, norbera babesteko ekipamenduen eta gainerako babes-materialen eskasia ere pairatu behar dute.

Larrialdi-egoera horren ondorioz, haien lan-eskubide asko etenda edo mugatuta daude: oporrak, lizentziak, baimenak, kontziliazio-neurriak, etab... Egun bat bestearen atzetik lan egitea da euren aukera bakarra eta aitortuta dituzten hainbat eskubide ez dira betetzen ari. 

Gainera, Osakidetzak hartzen dituen antolaketa-neurrien mende daude, eta, alde bakarrez ari dira lantoki, zeregin edo ordutegien aldaketak erabakitzen. 

Neurri horiek guztiak, a priori ulergarriak izan daitezkeenak osasun-larrialdiaren ikuspegitik, zama gehigarri dira langileentzat. Gutxieneko plangintzarik eta aurrerapenik gabe egindako aldaketak, hedabideengandik baino, euren arduradunengandik esanak izan daitezela behinik behin.