ELAk Osakidetzak erizainentzako onartu nahi duen dekretoa salatzen du

2007/01/24
ELAren ustez, erizainentzako garapen profesionala soldata igoera mozorrotu bat da, eta hartara, diskriminatzailea da, “batetik, Osakidetzako gainontzeko kolektiboekiko, ez baitute halako igoerarik jasoko; bestetik, erizainen kolektibo beraren baitan, bitarteko eta aldi baterako kontratuak dituztenak hortik kanpo geratuko baitira, eta honek izatezko soldata-eskala bikoitza ekarriko du”. Gainera, ELAko ordezkarien aburuz, garapen profesionala kontrolatzeko tresna legez erabiliko da, “otzanak” eta protestarik egiten ez dutenak saritzeko alegia.

ELAren irudiko, erizainentzako garapen profesionalak agerian uzten du Osasun sailaren betiko jokabidea: hemen eta han petatxuak edo adabakiak ipintzen saiatzen da, gastuak kontutan izan gabe, arazoak errotik konpondu ordez.

Ezin dugu ahaztu garapen profesionala ez dala inon eztabaidatu. Behintzat mahai- sektorialean ez da inoiz diskutitu. Emante du “Adostasunik gabe atera nahi dutela dekretua, baina sailburuari gogora arazi nahi diogu langileok kexu garela plantilla motza, bitartekoen gabezia eta gehiegizko lana medio. Beste langileen moduan, ez dugu ordain nahikorik jasotzen; berdin da lana ongi edo edonola egitea; areago, lan gehien duenari gehiago ematen diote, eta lana txarto egin edota lanik egiten ez duenari ez zaio kargu hartzen; norbait falta denean ordezkapenak ez dira ematen, are gutxiago prestakuntza arrazoiengatik. Egoera honekin etorkizun iluna ikusten dugu”.

ELAren iritziz, karrera profesionalaren xedea hau litzateke: profesionalek beren trebezia eguneratzeko aukera ematea, eta hobetzeko pizgarria izatea, osasun sistemaren eta herritarren onerako. Baina “mahairatu den moduan amarru hutsa da, lehenengo lan-baldintzak finkatu behar baitira”. “Karrerak ez du konponduko langileek funtsezko arazo gisa ikusten dutena bideratzen ez bada. Bere hortan, karrera petatxu diskriminatzaile bat da.

Aurkeztutako zirriborroak, hobekuntzarako baino, kontrolatzeko tresna bat dela azaltzen du.

Beste autonomi erkidegoekin konparatuz, honako gabezi garrantzitsuak ditu:

1. Akordio sindikala.
2. Behin behineko eta interinoak kanpoan geratzen dira.
3. Ebaluatzeko faktoreak subjektiboak dira.
4. Gaizki ordaindua dago.

Subjektibitate hauen aurrean, formakuntzak garrantzi handiago izan beharko luke karreraren garapenerako. Egoera honek kezka sortzen du langilegoaren artean, aztertzaileak pisu handia duelako prozesuan; ez dago langilearen eguneroko nondik-norakoak ezagutzen duenik, benetako balorazio bat egiteko.

Langile guztiek ez dute ikerketa sailean garatzeko aukera. Honetaz gain, jakina da pertsonal gehiago behar dela, lan gehiegi egin behar izaten duela langile bakoitzak eta baita ere langilegoaren motibazio eza; Hauek guztiak horrela izanik, gutxi batzuk parte hartuko dute ikerketa arloan suertatuko diren lanpostuetara.

Langilearen profesionaltasuna eta garapena aztertzeko erabili beharreko irizpideak malgutasuna beharko lukete, egoera ezberdinak daudelako (lehen mailako arreta, ospitaletako arreta, e.a.)

Erregulazio honek, langilearen fideltasuna ez ezik, honek lanaren hobekuntzarako eginiko merezimenduak ere kontutan hartu beharko lituzke. Bestela, kontrola eta bereizketa egiteko erabiliko da.


Garapen profesionala kalitatearekiko konpromisoa dela esatea Osakidetzako langileei adarra jotzeko ahalegina da; konpromiso hori benetan balego, plantilla zabaldu, denbora eta baliabide gehiago lortzeko ahaleginean saiatu beharko luke Osasun sailak, hots, inbertsioak hobetzea izan beharko luke helburu, eta borroka horri ez diote heldu nahi”.