ELAk Osakidetzako garapen profesional eredua berraztertzea eskatu du

2017/02/22
ELAk 2011ko garapen profesionaleko deialdiak etetearen aurka otsailaren 28an egindako eskariaren aurrean erabaki bat hartzeko epaiketa burutuko da. Garapen profesional eredua berriz aztertzea eta konponbidea adostea eskatu du ELAk. Izan ere, negoziaziorako borondate faltaren ondorioz, 100 milioi euro ere daude jokoan.

Gogoratu, 2008an Osakidetzak egungo garapen profesional eredua adostu zuen SATSE, SME eta CCOOrekin. Orduan, ELAk ez zuen eredua onetsi. Hona hemen arrazoiak:

  • Langileen lana modu subjektiboan aztertzea ekarriko zuelako, ondorioz, tarteko agintarientzako diziplina neurria dela ondorioztatu daiteke.

  • Kategoria ezberdinetako langileek soldataren proportzio ezberdina jasotzen dutelako eta, ondorioz, langileen arteko bereizketak sortzen direlako.

  • Lanerako inolako onurarik ez dakarren formazioari balioa ematen diolako. Ildo beretik, eta zeharka, formazioa eskaintzen duten sindikatuen finantziazioa dakar.

  • Langileek garapen profesionalean aurrera egiteko epeak administrazioaren esku daudelako uneoro.

Akordio horren garapenean Osakidetzak 2011an deialdia luzatu zien langileei, 2006, 2007 eta 2009an beste hainbat langilek bezala, bere merituak aurkez zitzaten. Hainbat langilek izena eman zuten, bere merituak baloratu zituzten, baina ordainketarako momentua iristean, 2014. urtean, Osakidetzak aldebakarrez eten zuen deialdia.

ELA egungo garapen profesionalaren erabat kontra egon arren, milaka langilerengan sortutako itxaropenak modu ilegalean zapuztu ezin zirela iritzita, Osakidetzaren erabakiaren kontrako helegitea jarri zuen. Horrez gain, etete erabakiak Osakidetzan langileen arteko soldata eskala bikoitza sortzea ekarri du: deialdian parte hartzeko momentuaren arabera, langile batzuek dagokien maila kobratzen dute eta besteek, meritu berdinak izan arren, ez dute kobratzen. Egoera honetan Osakidetzak diskriminazio onartezina sortu du.

ELAk epaiketa heldu artean Osakidetzari egoera konpontzeko proposamen bat helarazi dio. Proposamen horretan garapen profesional eredu berri bat adosteko zutabe nagusiak aurreikusten ziren eta langileei sortutako kaltea itzultzeko malgutasuna. Osakidetzak uko egin zion ELAren eskaintzari.

Garapen profesionalaren etete urte bakoitzeko 20 milioi eurotako zorra pilatu da deialdietan parte hartu zuten langileekin. Guztira, 100 milioi euroko zorra egongo da jokoan otsailaren 28ko epaiketan. ELAk, alde batetik, Osakidetzako zuzendaritzaren arduragabekeria salatu nahi du, baina, bestalde, otsailaren 28 baino lehen epaiketa aurreko akordio baterako negoziaziorako prestutasuna adierazi nahi du. Osakidetzak aukera du orain legealdi berria negoziaziorako borondateaz hasteko.