ELAk Osalani dagokion diru guztia jasotzea galdegingo du

2002/07/12
Lan-osasun eta -segurtasunerako erakundeak uztailaren 23an egingo duen bileran
Laneko Arriskuen Prebentziorako Legearen 5. xedapen gehigarriaren arabera, hiruparteko organoak eta lan-esparruan betearazteko eskumenak dituzten autonomia-erkidegoek –hauxe da EAEren kasua– langile kopuruaren eta biztanleria aktiboaren araberako fondoak zuzenki jaso eta administratuko dituzte, enpresa txikietan laneko arriskuen prebentzioa sustatze aldera. Halere, duela bi urte estatu mailako Laneko Arriskuen Prebentziorako Fundazioa sortu zenean, beronek erabaki onartezin bat hartu zuten, aipatutako xedapena urratzen baitu: erabaki horrekin diruaren %60 autonomia-erkidegoen esku jartzen zuten eta gainontzeko %40 estatu mailako sektore-hitzarmenetako fundazioei ematen zieten. Erabaki honen ondorioz, EAEri legearen arabera legozkiokeen fondoen ia erdia ebasten zaio, eta ez zaio zuzenean kudeatzeko aukerarik ematen. Iaz Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak gehiengoaren erabakiz estatuko fundazioari legez ezarrita dagoen dirua eskatu zion, eta orain arte ez du inolako erantzunik jaso. Izan ere, azken bi urteotan Osalani ez zaizkio dagozkion fondoak helarazi. Gauzak horrela, CC OOek uztailaren 10ean komunikabideei eta 11n Osalango Kontseiluari proposamen bat jakinarazi zien: estatuko fundazioak erabakitako fondoen banaketa (60/40) onarturik, jasotzen den diruaren erdia enpresa txiki eta ertainetako (ETE) prebentzio-planen kudeaketarako bideratzea, eta beste erdia administrazioak, patronalak eta sindikatuek administra dezaten uztea. Uztailaren 23an Osalanen bilera bat izango da gai hau eztabaidatzeko. ELAk honako jarrera agertuko du bileran: - Ez du EAEri dagozkion kopuruetan inolako murrizketarik onartuko. - Ez du onartzen Osalan bitartekari hutsa bilakatzerik, hots, estatuko fundazioari planak helaraziko dizkion leihatila huts bihurtzerik. - Onartezina da CC OOen proposamena, estatuko fundazioaren galbahetik pasata lortuko liratekeen diruen erdia hiruparteko organoak kudeatzea, langileen prestakuntza bezalaxe, laneko segurtasuna ezin baita enpresari-elkarte eta sindikatuen finantzabide bilakatu. - Beraz, ELAk Osalanen bileran CC OOen proposamena arbuiatu egingo du eta EAEri gai honetan dagozkion fondo guztiak eta eskumen osoak aldeztuko ditu, legeak adierazten duen moduan.