COLISÉE MIÑANO EGOITZA (GASTEIZ)
ELAk oso positibotzat jotzen du bigarren greba egunaren jarraipen zabala

ELAk oso positibotzat jotzen du Colisée Miñano egoitzan egin den bigarren greba egunaren jarraipena. Gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan arren ( %70), grebaren jarraipena % 80koa izan da egoitzan.
Enpresak Arabako Foru Aldundiarekin II Esparru Akordioan adostuta, soldatak hobetzeko konpromisoa hartu zuen baina, ez betetzeaz gain, plantillaren plus batzuk murriztu dira. Egoiliarrei, aldiz, kuota %6 eta %10 bitartean igoarazi zaie, plantillaren soldata hobekuntza argudiatuz.
Gogora dezagun egoitzako kategoria batzuek Lanbidearteko Gutxiengo Soldataren azpitik jarraitzen dutela, kontziliazio arazoak dituztela gehiegizko lanaldiengatik, lan osasunaren prebentzio falta dagoela eta horrek guztiak zaintzaren kalitatea behar bestekoa ez izatea eragiten duela.
Horregatik guztiagatik, ELAk lehen enpresa hitzarmena negoziatzea exijitu du, Estatuko egoitza eta etxebizitza komunitarioen hitzarmenak dakarren prekaritatearekin amaitzeko. Bien bitartean, mobilizazioekin eta grebekin aurrera jarraituko duela adierazi du.