ELAk oso positibotzat jotzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak gabonetako ordainsaria ordaindu izana
ELAk oso positibotzat jotzen du Gipuzkoako Aldundiak, gai honetan ere, Madrilgo Gobernuak uztailean onarturiko Dekretuari aurre eginez harturiko erabakia. Bere erabakiari irmo eutsi eta etorkizunean eman daitezkeen gora-beheren aurrean bere erabakian mantendu dadila eskatzen dio eta Madrilgo Gobernuari, hemen harturiko erabakiak errespetatu ditzala, injerentziarik gabe.
ELAk dei egiten die Euskal Instituzioei Aldundiaren eredua jarraitu eta gabonetako ordainsariaren gaineko aferan ere, borondate eta ausardiarekin, Rajoyek onarturiko Dekretu-Legeari aurre egin eta langileei dagokien zenbatekoa ordaindu dezatela. Langileok guri dagozkigun betebeharrak bete ditugu urtean zehar eta erakundeei dagozkien betebeharrak betetzearen ardura beraiena da.
Argi eta garbi azpimarratu nahi dugu, gabonetako ordainsaria ordaintzea borondate kontua dela eta ez lege kontua. Gipuzkoako Foru aldundiak harturiko erabakiak argi uzten du, borondatea baldin badago, langileon lan eta bizi baldintzak okertzea helburu duten neurriei aurre egin daitekeela.
Mobilizazioaren bidetik euskal instituzioetako arduradunei beste politika bat aplikatzeko exijituko diegu. Mobilizatuz, lortuko baitugu.