ARMAGABETZEA

ELAk Bake Artisauen absoluzioa Luhuson eskatu du

2024/03/16
Apirilaren 3an Beatrice Molle eta Txetx Etxeberri babesteko kontzentrazioak egingo dira Euskal Herriko hiriburuetan.

Apirilaren 2an eta 3an, Beatriz Molle eta Txetx Etxeberri (azken hori ELAko Batzorde Nazionaleko kidea izanda orain hilabete batzuk arte) epaituko dituzte Parisen. 2016ko abenduan, Luhuson, ETAren armagabetzea gauzatzeko erabakia hartzeagatik epaituko dituzte. Armagabetze hori ehunka militanteren parte-hartzearekin eta Euskal Herriko milaka pertsona, hautetsi eta erakunderen babesarekin lortu zen, Molle eta Etxeberriren ahaleginen ondorioz, hilabete batzuetara. Gaur, euren absoluzioa eskatu dute 200 lagun baingo gehiagok Luhuson egindako agerraldi masibo batean, eta manifestua irakurri dute. Bertan izan dira ELAren idazkari nagusia, Mitxel Lakuntza, eta alboko idazkari nagusia, Amaia Muñoa.

Agerraldiaren ondoren, Mitxel Lakuntzak gogoratu du “auzipetuak, jada zendutako Mixel Berhokoirigoin, Michel Tubiana eta Michel Bergouignanekin batera, Ipar Euskal Herriko ekintzaile ez-biolentoak direla. Euren ekintza izan zen Estatuen eskumena izan behar zuena burutzea: urte batzuk lehenago armak utzi eta entregatzea erabaki zuen erakundea modu ordenatu eta seguruan desarmatzea. Ezin dugu ulertu Beatrice Molle eta Txetx Etxeberriren aurkako epaiketa, bakea eta bizikidetza lortzeko bidearen aurkakoa delako. Epaiketa estatu horien arduragabekeria estaltzeko eta gizarte zibilaren ekintza mugatzeko erabiltzeko arrikua dago. Horregatik, premiazkoa da une politiko indartsu bihurtzea hau, akusatuak kargurik gabe aske utz ditzaten eskatzeko eta Estatuen agenda errepresiboa salatzeko”.

ELAk azpimarratu du “proiektu nazionala gauzatzeko funtsezko balioak” direla militantzia, gizarte zibilaren konpromisoa eta indarkeria eza. Hori dela eta, garrantzitsua da datozen asteetan Txetx Etxeberri eta Beatriz Molleren alde egingo diren mobilizazioetan konpromiso masiboa hartzea. Ez dezagun ahaztu”. Horregatik, dei berezia egin du ELAk parte hartzeko apirilaren 3an egingo diren Euskal Herriko hiribuetako kontzentrazioetan.

Manifestua irakurri