ELAk parte du Arkaitz Bellon euskal presoaren heriotza salatzeko ekitaldietan
ELAren iritziz, heriotza honetan bildu dira espainiar Estatuak daraman espetxe-politikaren eta estrategia errepresiboaren ezaugarri diren gizabidearen kontrako osagai guztiak: gazte honek hamahiru urte zeraman giltzapean, kale borroka akusaziopean; kaleratzeko bezperetan ere lehen graduan zeukaten; sarri salatu izan zituen tratu txarrak... eta hau guztia Euskal Herritik 1.000 kilometrora ari zen gertatzen. Beraz, Bellonena “heriotza naturala” izan dela esatea onartu ezineko trufa bat da, eta iritzi publikoa manipulatzeko saio larria dugu.
ELAk berriro dio preso politikoak sakabanatzea hauentzako eta hauen senideentzako zigor gehigarria izateaz gainera marko zital bat sortzen duela, non posible egiten den justiziarekin eta zuzenbidearekin zerikusirik ez duen espetxe-politika bat, hots, gizarte demokratiko bati ez dagokiona. Horregatik, ostera ere eskatu behar dugu sakabanatzea amaitzea eta euskal preso politikoen eskubideak zorrotz errespetatzea..