ELAk parte hartuko du ekainaren 8an Bakearen aldeko Foro Sozialeko gomendioen inguruko gune irekian

2013/06/06
ELAk uste du Foro Sozialak eman dituen gomendioak oso baliagarriak direla gure herriaren normalizazio eta bake agertoki baterantz urratsak egin nahi dituzten herritar eta eragileentzat. Horregatik, sindikatuak aldarrikatzen du aurrera egin beharra dagoela, aktore eta erakunde batzuk -Espainiako eta Frantziako gobernuek kasu- erabaki duten arren errepresioari eutsiko diotela, baita ETAk borroka armatua alde batera uztean ireki den aroan ere.

Auzitegi Konstituzionalak 'Bateragune kasua' delakoan emandako epaia, Auzitegi Nazionalak Batasuna, Euskal Herritarrok eta Herri Batasunako 40 militante zirenen aurkako auziarekin urriaren 17tik aurrera jarraitzeko erabakia... Hainbat adibidek erakusten dute espainiar estatua tematuta dagoela bere ukapenean: ez dio bake prozesu bati heldu nahi, ez bederen nazioarteko esparruan ohiko diren parametroetan.

ELAren iritziz, bortizkeriarik gabeko agertokia kudeatzearen aurka dauden sektoreek (politiko, mediatiko, ekonomiko, judizialak direla ere...) normalizazioa eragotzi nahi dute, eta euskal gizartearen zati handi bat antzutasun politikora zigortu nahi dute. Horregatik ari dira, hain zuzen, Foro Sozialaren ahalegina zikindu nahian; oztopoak jarri nahi dituzte gure helburu diren normalizazio egoera bultzatzeko beharrezko diren topaguneak sor ez daitezen.

ELAk uste du gizarte antolatuko eragileok ezin dugula bahituta egon, gure herriaren gehiengoak duen borondatearen logika politiko eta errepresiboen menpe alegia, eta bere poza adierazi nahi du asmo hau euskal gizartean lortzen ari den babes zabala medio.