Pasaiako kanpoko portuaren proiektua bertan behera uzteko exijitzen du ELAk

2011/04/27
ELAk Ingurumen Ministerioak Pasaiako kanpoko portuaren inguruan eginiko txostenaren garrantzia azpimarratzen du. Txosten honek proiektua ingurumen eta ekonomia ikuspuntutik bideraezina dela baieztatzen du. Ministerioak proposatzen duen alternatiba bakarra gaur egungo portua birgaitzea eta kanpoko porturik ez eraikitzea da.

Ingurumen Iraunkortasunerako Txostenaren aurka ELAK eta beste talde eta eragileek aurkezturiko alegazioak pisuzko arrazoietan oinarrituta daudela baieztatzen du txosten honek, eta ez Pasaiako Portuko Agintaritzatik ulertzera eman nahi izan zuten bezala, aurrez pentsaturiko posizio politikoetan.

ELAren ustez, Ingurumen Ministerioak eginiko txostenak (eta iritzi bera adierazi zuen Eusko Jaurlaritzako Bioaniztasunerako Zuzendaritzak eginikoak) Gipuzkoako Aldun Nagusi Markel Olanoren benetako aurpegia erakusten du, zeinek ez zentzurik eta ezta aurrekonturik ere ez duen proiektua defendatzen jarraitzen duen. Olanok ez dio inori eta ezeri kasurik egiten eta zementuaren lobbyaren bozeramaile bihurtu da. Lobbyaren helburu bakarra eraikitzen jarraituz etekinak ateratzea da, diru publikoz finantzatuta, nahiz eta jakin proiektua onartezina dela ingurumen eta ekonomi ikuspuntutik.  

ELAren aburuz Ingurumen Ministerioak Pasaiako kanpoko portuaren aurka eginiko txostena albiste ezin hobea da, behin betiko erabakia Ministerio honek berak hartu behar baitu. Pasaiako portuko agintaritzaren zuzendari berriak esan duen bezala “jakina, ingurumen arloko oztopoa ez badugu gainditzen, ezingo da ezer egin”. Horregatik, ELAk proiektu hau behin betiko bertan behera uztea exijitzen du.