ELAk polizia indarkeriaren biktimen senideak babesten ditu Auzitegi Konstituzionalaren aurka egin duten salaketa publikoan

2018/08/09
ELAk parte hartu zuen abuztuaren 8an polizia indarkeriaren biktimen senideek Auzitegi Konstituzionalaren aurka egin duten salaketa publikoa babesteko antolatutako agerraldian. Jakina denez, auzitegi honek gai honen inguruko lege nafarra bertan behera utzi du, Nafarroako subiranotasunaren aurkako beste eraso bat gauzatuz.

Hauxe da prentsaurrekoan ezagutzera eman zuen mezua:

 “Espainiako Konstituzio Auzitegiak, azken egun hauetan, ebatzi du eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko foru legearen kontra Alderdi Popularrak jarritako errekurtsoa. Aipatu foru legea Nafarroako Parlamentuak onetsi zuen aurreko legegintzaldiko hondarreko egunetan. Epaiak, funtsean, kontrako lau boto izanik ere, legea indargabetzea dakar. Argudiatu dute ezen legeak, nolabait, zuzenbide-estatu ustezko honetako auzitegien eginkizuna ordezkatu nahi zuela, eta bide ematen zuela epaileen lanaz aparte funtzionario publikoek eta talde parapolizialek egindako delituak ikertzeko.

Lege hau, errekurtsoa jarri zitzaionean, etenik gelditu zen, salbu eta puntu bakar batzuetan: biktimei omenaldia egiteko aukera uzten zuen, eta beste gauza txikiren bat. Horrela, bada, 2017ko otsailaren 18an, omenaldi bat egin zen, eta familiarteko batzuek parte hartu genuen hartan. Hori bai, errekonozimendu ekitaldiak generikoa izan behar zuen, eta ez zen modurik izan espresuki kasurik edo izenik aipatzeko.

Sekula ez zen halako lege baten premiarik izanen baldin eta epaileek beren lana egin izan balute, hots, delitu-ekintzen errudunak bilatu, eta frogatutako delituari dagokion zigor bidezkoa ezarri. Hala ere, beste jokabide bat izan ohi dute: artxibatu egiten dituzte segurtasun-indarretako kideak inplikatuak dauden kasuak, edo, kasurik hoberenean, zigor irri-emangarri eta iraingarriak jartzen dizkiete, eta, azkenean, maiz, indultua eman.

Espero genuen Konstituzio Auzitegiaren epaia, baina berdin-berdin egin digu min duintasunean. Eta espero genuela diogu, gogoan dugulako nolako erabakiak hartu dituzten epaileek azkenaldi honetan: nazka eta higuina eragiterainoko epaiak. Hortxe dugu Altsasuko kasua, ostatu bateko liskarra urte askoko kartzela-zigorren eskaera bihurtuta, edo La Manadarena, taldean egindako bortxaketa sexu-abusu soil bihurtuta. Estatuko fiskaltzek halakoetara ohitu gaituzte: ofizioz jarduten dute zenbait adierazpenen kontra baldin eta monarkia edo gobernua aipatzen badira edo terrorismoaren ustezko gorespenik egiten bada, eta “ahantzi” egiten zaie talde eta elkarte faxisten eta eskuin muturrekoen kontra zerbait egitea.

Nafarroan gobernu aldaketa gertatzeak bukaera eman zion guk arlo instituzionalean jasandako ahanzturari, isiltasunari. Poztu gintuen bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen bulegoa ireki izanak. Gutako batzuek Nafarroako Parlamentura joan ginen, orain baliogabetu den legea sortzeko prozesuan, gure kasuen berri ematera. Jakina, gure ustez, hobea izan liteke arlo honetan Nafarroa Gobernuak egiten duen lana, Bake eta Bizikidetzako Zuzendaritza Nagusiak egiten duen lana, baina komunikazio-bide egonkorra dugu harekin, duela urte gutxi pentsaezina zen zerbait.

Ez da hala gertatzen Madrilgo gobernuarekin. Guretzat, berdin da nor dagoen gobernuan, beti ezezkoa erabatekoa ematen baitzaie gure eskakizunei, PSOEk eta PPk inpunitate-murrua eraiki baitute. Elkarri estaltzen dizkiote gerra zikinean edo estatu-terrorismoan egindako izugarrikeriak. Ez du axola nolako botoa eman duten Nafarroako Parlamentuan, alderdien zuzendaritzek eta Madrilen dituzten aliatuek beti kontrako erantzuna ematen baitute, beti traba. Lege hau presaka onetsi zen UPN gobernuan zela, Yolanda Barcina lehendakaria zenean. Ez zen akatsik gabeko legea, bazuen zer hobetua, baina gure legea zen, Foru Parlamentuko gure ordezkariek onetsi zutena. Bidea irekitzen zen, errekonozimendua eta erreparazioa izateko ez ezik, justizia arruntak ahanzturan utzitako kasuak ikertzeko batzordeak egin zitezen. Artikulu gehientsuenak baliorik gabe uzteak eragina du poliziaren indarkeriaren biktima garenongan, bai, baina, bestalde, gure Parlamentuaren subiranotasunaren kontrako laidoa ere bada, eta, beraz, nafar guztion kontrakoa. Eta asko eta asko dira, bai, Madrilek errekurritutako lege nafarrak.

Guk ez dugu inola ere legegile bihurtu nahi, are gutxiago epaile, ez dugu eragin nahi polizien indarkeriaren biktimentzako etorkizuneko legeari buruzko erabakietan, baina entzun gaitzaten nahi dugu. Biktimok ez dugu parte hartu behar botere legegileari baizik ez dagozkion erabakietan. Biktimak beren biktimarioen epaile edo legegile izatea debekatua zegoen zuzenbide erromatarrean ere, eta bidezkoa zen: gure esperientzia tragikoak, segur aski, traba izanen lirateke justuak eta inpartzialak izateko.

Egia, justizia eta erreparazioa nahi ditugu, baita giza eskubideei dagokienez sufritutako urraketak berriz ez gertatzeko bermea ere. Errekonozimenduarekin batera, erreparazioarekin batera –instituzionala, soziala eta ekonomikoa, hori gutxien inporta zaiguna izanik ere–, gertatutakoaren egiara daraman justizia izateko eskubiderik ez badugu, zauriak ez dira ongi itxiko. Guretzat, jasandako oinazeak ez du preziorik.

Historiak kontakizun guztiak bildu behar ditu, inpartzialtasunez, eta, batez ere, zera eskatzen dugu: azken urte hauetako indarkeria politikoaren biktima guzti-guztiok eskubide berberak izan ditzagula, lehenbiziko eta bigarren mailako biktimen arteko sailkapenik egin gabe. Eskubide guztiak biktima guztientzat”.


Sinatzen dute:

Aitziber Berrueta, Ana Fernández, Argine Salanueba, Aingeru Cano, Begoña Castillo, Karlos Delas, Mª José Gurmindo, Javier Izura, Eneko Etxeberria, Nerea zabala, Fermín Rodriguez, Txaro Arregi y Begoña e Idoia Zabalza