U-15: ISRAELI BOIKOTA

ELAk positibotzat jo du Hezkuntzako grebaren hasiera eta gaueko txanden lanuzte partzialak

2025/10/15
ELAk positibotzat jo du Hezkuntzako grebaren hasiera eta gaueko txanden lanuzte partzialak
Miren Zubizarretak (ELA-Hezkuntza) azpimarratu du protestekin enpresei eta gobernuei exijitzen diela Israelekin dituzten harreman guztiak moztea. ELAk milaka militante mobilizatuko ditu gaur Hego Euskal Herri osoko ekitaldietan, CIG eta Intersindikalekin batera egindako lanuzteen deialdiarekin

ELAk oso positibotzat jo ditu Hezkuntzan eta horri lotutako sektoreetan (garraioa eta eskola jantokiak) greba orokorraren lehen orduak, EAEn zein Nafarroan, Haurreskoletatik hasi eta unibertsitateraino.

Ugari dira gutxieneko zerbitzuekin lanean ari diren eskolak eta haurreskolak, esaterako. Besteak beste:

  • Bizkaian: Bilboko Mugika eskola, Ibarrekolanda BHI, Eskurtze BHI, Deustuko ikastola, Gallego Gorria LH edo San Adrian; Erandiko Jado ikastetxea, Sopelako Haurreskola eta Gernikako San Fidel ikastola.
  • Gipuzkoan: Donostiako Bidebietako haurreskoa, Mutrikuko Goizeko izarra, Eibarreko Mogel ikastola, Ordiziko Urdaneta, Beasaingo La Salle, eta Errenteriako Telleri ikastetxea, Koldo Mitxelena ikastetxea eta Haztegi ikastola.
  • Araban: Gasteizko Arantzabela, Salburua, Mariturri eta Gurutzmendiko ikastetxeak, eta Maeztu Haurreskola.
  • Hezkuntza saileko sukalde eta garbiketako langileek ere greba modu zabalean egiten ari dira. Ia erabatekoa izaten ari da, esaterako, Lezoko eta Hondarribiako eskoletan, eta Gasteizko Federico Baraibarreko garbitzaileek ere jarraipen zabala.
  • Heziketa bereziko langileei ezarritako gutxieneko zerbitzuengatik ez dute greba eskubidea gauzatzerik. Hala ere, bat egin dute aldarrikapenarekin.
  • EHUn jarraipena zabala izaten ari da.
  • Nafarroa: oraindik jarraipen daturik ez daukagun arren, jarraipena zabala izatea espero da, bai eskoletan bai Nafarroako unibertsitate publikoan ere.

Lau orduko lanuzte partzialen lehen txanda ere egin da goizaldeko 2:00etatik 6:00etarako txandetan. Lanuzte horiek eragin handia izan dute industrian (bereziki Gipuzkoan eta Bizkaian), eta zertxobait txikiagoa beste sektore batzuetan. Lehen datuen arabera, lanuztea garrantzitsua izan da Goierriko enpresa esaguratsu askotan: CAF, Indar, CIE, Hine, Jaso Itsasondo, GKN, STO, besteak beste.

Osakidetzan eta Osasunbidean, ordea, grebarako eskubidea beste behin urratu dute Gasteizko eta Iruñeko Gobernuek inposaturiko abusuzko gutxieneko zerbitzuekin. Bi gobernuen ohiko jarduera da, eta oinarrizko eskubideak urratzen ditu. Oraingo honetan, gainera, enpresen alde egiteaz gain, Palestinako genozidioaren aurkako protesta eragotzi nahi dute, eta, beraz, Israelgo politikari babesa ematen diote, zeharka bada ere.

Miren Zubizarretak (ELA-Hezkuntzaren arduraduna) Bilboko eskola baten aurrean egindako adierazpenetan azpimarratu du hezkuntzako milaka langilek gaur protesta egingo dutela: “Kalera atera Palestinako herriari babesa emateko, eta enpresei eta gobernuei, baita Hego Euskal Herrikoei ere, Israelen aurkako erabateko boikota egin diezaiotela eskatzeko". Zentzu horretan, adierazi du "duela ordu batzuk hasi den protesta handiak Israelekin harreman komertzial edo politiko oro amaitzeko eskakizuna indartzen du".

Hezkuntzako greba orokorraz gain, gogoratu behar da ELAk lau orduko lanuzte orokorra deitu duela lantoki guztietan, CIG eta Intersindical sindikatuekin batera, Euskal Herritik, Galizatik eta Kataluniatik gobernu eta enpresei zuzenean eta anbiguotasunik gabe presionatzeko, UGT eta CCOO Espainiako sindikatuetatik datozen beste deialdi batzuetan ez bezala.

Datozen orduetan, ELAk mobilizazioak egingo ditu Bilbon, Iruñean, Donostian eta Gasteizen, baita eskualde ezberdinetako hamar bat herritan ere: Durango, Gernika, Eibar, Zarautz, Azpeitia, Tolosa, Beasain, Errenteria... Gainera, Palestinako genozidioari dagokionez, aurrekoetan bezala, ELAk Israeli erabateko boikota egitea defendatzen duten mugimendu sozialek deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitu du.