ELAk positibotzat jo du sexu eskubiderako eta haurdunaldia borondatez eteteko estatuko legea

2022/05/17
ELAk positibotzat jo du sexu eskubiderako eta haurdunaldia borondatez eteteko estatuko legea klase irakurketa duen lege feminista delako. Hala ere, espero du benetako eskubideetan gauzatuko dela, atzean gelditu diren gaietan aurrera egingo dela eta emakumeen lan-diskriminazioa ez eragiteko mekanismoak sortuko direla.

Gaur, Sexu eta Ugalketa Eskubideak Babesteko eta Haurdunaldia Borondatez Etetea Bermatzeko Legearen legearen zirriborroa ezagutu du ELAk. Sindikatuak positiboki jotzen du, emakumeei eskubideak aitortzeko urratsak egin nahi dituelako testuak.

Alde batetik, ELAk babesten du 16 eta 17 urteko emakumeek haurdunaldia borondatez eteteari buruz erabaki ahal izatea. Emakume bat adin horretan ama izan badaiteke, bere gorputzari buruz ere erabaki dezake. Erakundeek bermatu behar dute etenaldia segurtasunez eta doan egin daitekeela osasun zentro publikoetan, orain arte eskubide hori ez baita eraginkorra edo erreala izan ( % 15 baino ez zen zentro publikoetan egiten). Emakume askok beste eskualde batera joan behar izan dute, eta horrek kriminalizatu egiten ditu. Horrelakorik gerta ez dadin, kontzientzia eragozleen zerrenda bat egintea beharrezkoa izango da.
Bestetik, ELAren ustez, emakumeei bakarrik eragiten dieten gaixotasunak ikusarazten laguntzen dute hileko mingarrien bajak. Gaixotasunak dira (endometriosia, miomak, etab.), berandu diagnostikatzen direnak (8-10 urte, batez beste) eta ikertzeko inbertsio handiagoa behar da. Haatik, eskubide hori ezin da erabili emakumeak lan merkatuan diskriminatzeko, eta mekanismoak jarri behar dira hori saihesteko. Enpresa batek kausa horrengatik emakume bat kaleratu edo kontratatzen ez duen zantzurik badago, Lan Ikuskaritzak edo Epaileak dagozkion isunak ezarri beharko ditu.
Azkenik, ELAri positiboa iruditzen zaio haurdunaldiko 39. astean ordaindutako baimena hartzea. Dena den, emakumeen higiene produktuen BEZaren jaitsiera aurrera atera ez izana deitoratzen du ELAk, neurri horrek genero arrakala murrizten lagundu dezakeelako. Gainera, beste artikulu batzuen BEZa ere jaitsi beharko litzateke, hala nola, heldu zein haurren pixa-oihalena; izan ere, horien kostua ere emakumeei dagokie nagusiki, haiek hartzen baitituzte euren gain zaintza lan gehienak. Legeak planteatzen du produktu horiek ikastetxeetan doan banatzea. Era berean, ELAk planteatu du langileek lantokietan ere horiek edukitzeko aukera izatea.
Ondorio gisa, beraz, positiboki baloratzen ditu sindikatuak aurreproiektuan aurkeztutako neurriak, eta uste du arlo horietan aurrerapausoak egin behar direla. Alde batetik, legea onartu ondoren, bermatu behar da legea betetzen dela eta eskubideak gauzatzen direla. Bestetik, aurrerapauso gehiago egin behar dira eskubide gehiago aitortzeko genero arrakala murrizteko. Deitoragarria da beste neurri batzuk ez onartu izana, hala nola, emakumeen higienerako produktuen BEZaren jaitsiera, PSOE izanik beti emakumeei eskubide gehiago aitortzekoo mugak jartzen dituena.
Eskubideak konkistatu egin behar dira, eta, lortzen direnean, defendatu, hori da emakumeen eskubideak lurperatu nahi dituen ultraeskuinari aurre egiteko modu bakarra.