ELAk positibotzat jotzen du otsailaren 15eko Osasunbideako greba deialdia, eta berretsi du grebaren bidez soilik berreskuratuko dela erosteko ahalmena eta finkatuko dela aldi baterako enplegua

2023/02/01
Zerbitzu publikoa ahuldu nahi duten aldarrikapen korporatiboen aurrean amore ez emateko eskatzen dio sindikatuak Nafarroako Gobernuari. ELAk PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu, EH Bildu eta Izquierda-Ezkerrra kritikatu ditu, UPNk alde egin eta zazpi urtera sektore publikoan egindako inbertsioa ez delako nahikoa.

Lehenik eta behin, ELAk sektore publikoa pixkanaka ahultzen ari dela eta lan baldintzak okertzen ari direla salatu nahi du, behin-behinekotasun tasa onartezinak (%40tik gora) eta erosteko ahalmenaren etengabeko galerak eraginda (% 6tik gora azken bi urteetan). Egoera horrek sufrimendu handia eragiten du sektore publikoko langileen artean, lan karga onartezinak direla eta.

Legegintzaldi honetan, enplegu publikoa sendotzearen eta erosteko ahalmena berreskuratzearen aldeko mobilizazio dinamika bultzatzen saiatu da sindikatua, baina ez du gainerako sindikatuen babesik izan. Azken saiakera udazken honetan izan zen, Estatuko aurrekontuak onartu aurretik; izan ere, PSNren, Podemosen, EH-Bilduren eta Geroa Bairen botoak erabakigarriak ziren erosteko ahalmena berreskuratzeko eta sektore publikoaren behin-behinekotasunarekin amaitzeko. Nahiz eta azken zazpi urteotan gure lan baldintzak okertu diren eta UPNren murrizketak irauli ez diren, egia esan, Nafarroan ia ez da mobilizazio sindikal garrantzitsurik izan. Mobilizazio falta hori ez dator bat EAEn bizi izandako egoerarekin; izan ere, ELA lehen sindikatua izanik, greba arrakastatsuak antolatu dira sektore publiko osoan, Osakidetza eta Hezkuntza bezalako esparruak barne.

Mobilizaziorik eza horri esker, Medikuen Sindikatua Osasunbideko mobilizazioen erreferente bihurtu da. Ildo horretan, gogoratu behar da sindikatu korporatiboa ez zela inoiz UPNk eta PSNk egindako murrizketen aurka agertu (besteak beste, sukaldeen pribatizazioa), eta azken mobilizazioetan euskara baldintza gisa kentzea eskatzen zuela. Horregatik, ELAk Nafarroako Gobernuari eskatzen dio ez dezala amore eman bere aldarrikapen korporatiboen aurrean. Sindikatuaren iritziz, esklusibotasun osagarria ezabatzeak Osasunbidearen pribatizazioan eta zerbitzu publikoaren ahultzean sakontzea ekarriko luke.

Hori guztia dela eta, sindikatuak ezinbestekotzat jotzen du sektore publikoan mobilizazioak hastea, 2022ko eta 2023ko erosteko ahalmena berreskuratzea, behin-behinekotasun tasa % 8ra murriztea, langile guztientzat irizpide objektiboetan oinarritutako karrera profesionaleko sistema zabaltzea eta lan kargei aurre egiteko konpromiso argia izatea helburu duten mobilizazioak.

Soldaten aldarrikapenari dagokionez, orain arte Nafarroako Gobernuak Madrilen ezarritako mugengatik justifikatu du sektore publikoan soldatak igotzeko ezintasuna. ELAk beti salatu du argudio hori faltsua dela, suhiltzaileei aplikatutako soldata igoeran eta Osasunbideak Medikuen Sindikatuari egindako soldata proposamenean argi geratu den faltsukeria.

Azkenik, ELAk salatu du zerbitzu publikoen funtsezko arazoa inbertsio falta dela (2023ko aurrekontuetan 476 milioi euro gehiago inbertitu beharko lirateke Osasunbidean, eta 380 milioi gehiago Hezkuntzan, Europar Batasuneko batez bestekoarekin parekatzeko). Horregatik, ELAk PSN, Geroa Bai, Podemos, EH Bildu eta Izquierda-Ezkerrra kritikatzen ditu, UPN Gobernutik atera zenetik zazpi aurrekontu onartu dituztelako Nafarroan, eta ez direlako gai izan zerbitzu publikoen okertzea iraultzeko.