ELAk postu funtzionalen batzordea utzi du

2004/04/05

Ikusirik OSAKIDETZAk ez duela negoziazio prozesua seriotasunez hartzen, ELAk, beste Sindikatuekin batera, postu funtzionalen Batzordetik aldegitea erabaki du.

Batzorde honetan Osakidetzako 25.000 lanpostuen egitura funtzionala zein izango den aztertzen ari gara, beraz, langile guztientzat funtsezkoa den arazo batetaz hitzegiten ari gara. Osakidetzak, sasi-negoziazio baten bitartez, bere ustez kontutan hartu beharreko arazoak bakarrik onartuz, ELAk prozesua ontzat ematea du helburu. Gure ustez hau ez da zilegi. Osakidetza osasun-zerbitzu baten funtzioak zeintzuk diren zehaztera beharturik dago legez. Sindikatu guztiekin adostu beharreko aldagai batzuen arabera funtzio hauek ezinbesteko konpentsazio ekonomiko bat behar dute.

Osakidetza garbi utzi beharrean dago batetik, mahai gainean zenbat diru jartzeko prest dagoen eta bestetik funtzioen balioespenen gidaliburua zein den. Hori gertatzen ez den bitartean ezin izango da aurrerapausorik eman. Inongo kosturik gabe gauza guzti hauetaz hitzegitea amets hutsa baita.

Gure ustez Osakidetzari Negoziazio Kolektiboa, sektoreko langileentzak hain funtsezkoa den gaia, serio hartzeko unea iritsi zaio.

Horrelako proiektu bat aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoa da aurretik definitzea proiektu honen kostua zein izan daitekeen eta funtzioen balioespenen gidaliburua zein izango den jakitea.