ELAk pozik hartu du Euskaldendak patronalaren erabakia, Gipuzkoako merkataritzan negoziazio kolektiboa desblokeatze aldera

2013/05/28
Maiatzaren 27an, astelehena, Dendartean patronalak (Euskaldendak elkartearen kidea) Gipuzkoako merkataritzako hitzarmenen negoziazio-mahaien bileretara agertu zen. Patronala ez dago mahaietan ordezkatuta, baina present egotea eskatu du, sektorean hedapen handia baitu. ELAk Adegiren jarrera salatu du: ordezkaritza txikia izanagatik, negoziazioa blokeatuta dauka

Dendartean-ek sindikatuei adierazi die negoziazioa desblokeatzeko borondatea duela. Esan du ere ultraaktibitatea bi aldeentzat ona dela, eta iragarri duenez, eskaintza orokor bat egiteko asmoa dauka, non erreforma laboralari aurre egiteko klausulak zein soldata igoerak jasoko baitira.

Euskaldendak-en agerpenari mahaietako alde patronalak ez dio harrera onik egin; ugazaben ordezkarien arabera, elkarte patronal hori ez da negoziazio-mahaiko kide eta, horrenbestez, ez dauka parte hartzeko eskubiderik.

Aitzitik, ELAk txalotu egin du elkarte horren erabakia, negoziazioa desblokeatzen saiatzea, eta argi utzi du ez dakiela elkarte patronal bakoitzaren legitimazioa zenbatekoa den. Izan ere, Langileen Estatutuak desoreka nabarmen bat eragiten du, sindikatuek beren ordezkaritza hautes-akta publikoen bitartez frogatu behar baitute; enpresarioen ordezkaritzarekiko ez du horrelako betebeharrik ezartzen. Ondorioz, sindikatuok aspaldidanik negoziatzen ari gara patronal batzurekin zeinen benetako ezarpena ez baitugu ezagutzen. Areago, jakina da Adegik merkataritzako hainbat sektoretan ez duela ezarpen handirik; ELAk zalantza egiten du bere legitimitatea zein den. Horregatik, ELAk galdegiten du patronalek beren ordezkaritza egiazta dezatela eta desoreka hau behingoz amai dadila.

Egoera honen aurrean, ELAk Adegiren jarrera salatu egin nahi du, mahaietan duen presentziaz baliatzen baita negoziazioa beti blokeatuta mantentzeko. Gainera, jarrera honek ez die sektoreko enpresen beharrizanak asetzen. Dendartean elkarteak egin duen urratsarekin agerian geratu da merkataritzako hitzarmenetan akordioa posible dela. Merkatari txikientzat egiteko modukoa bada iragarri dutena (sektorean krisiaren kaltea gehien pairatzen dutenak izanik), talde handiek ez lukete arazorik izan beharko.

Komunikatu honen bidez Merkatarien Elkarteari, Aegari eta talde handiei dei egiten diegu Dendartean elkartearen erabakiarekin bat egin dezaten, Gipuzkoako merkataritzan izan diren hitzarmenak mantendu ahal daitezen.

ELA pozten da merkataritzan ordezkari patronalen batek, Dendartean-ek egin duen moduan, CEOEren jarrera doktrinaletatik aldentzea (hain zuzen, Confebaskek eta Adegik zehatz jarraitzen diete horiei). Jarrera hau erabat arduragabea da, soldatak oro har jaisteko egin duten apustuak kontsumoa murriztea baitakar, eta bide batez kalte handia eragiten diote merkataritzari.

Azkenik, ELAk merkataritzako talde handietako langileei dei egiten die maiatzaren 30eko greba orokorrean parte har dezaten, hau baita enpresei hitzarmen kolektiboa exijitzeko aukerarik hoberena.