GASTU MILITARRA
ELAk Pradalesen eta Chiviteren gobernuei galdegin die aurre egin diezaiotela Trumpek eta NATOk inposatu nahi duten hazkundeari

Aurrekontu militarraren gorakadak zer esan nahiko lukeen irudikatzeko gogoratu behar da BPGaren % 3,5 dela Iruñeko eta Gasteizko gobernuek hezkuntzara bideratzen duten gastua, gutxi gorabehera, eta % 5a dela ia osasungintzako aurrekontua adina. ELAren ustez euskal langileariaren euro bat ere ezin da astakeria horretarako erabili, arrazoi politiko eta sozialengatik, baina baita gizatasunagatik ere.
Egunotan NATOko kide diren estatuen bilera dela eta, ELAk salatu nahi du AEB buru dutela herrialde horien estrategia, beldurra, paranoia eta ziurgabetasuna hedatu nahi baitute armagintza-industria neurrigabe aberasteko eta Mendebaldearen hegemonia militarra finkatzeko, noiz eta mundua gero eta multipolarragoa den garaian.
Estrategia honen lehen helburua da herritarren artean mehatxu eta ziurgabetasun giroa hedatzea; horretarako gastu militarra handitzeko adierazpen politikoak egiten dituzte, eta horri etekina ateratzeko itxaropenez daude armak ekoizten dituen sektoreko euskal enpresak.
Horren ondorioz, gerrak gero eta ugariagoak dira, eta ezegonkortasuna areagotzen da. Hala ikusi dugu AEBek Irani egindako erasoekin (NBEren Segurtasun Kontseiluaren baimenik gabe eta Europar Batzordearen konplizitatearekin). ELAren aburuz lotsagarriak eta zeharo ankerrak dira Europar Batzordearen azken adierazpenak: Aitortu dute Israel giza-eskubide oro urratzen ari dela, baina genozidioa geldiarazteko ukatu egiten dute haren kontrako neurri politikorik edo zigor ekonomiko zein komertzialik ezartzeko aukera.
ELAk gogoratu nahi du NATOren aurrekontu militarra dela munduko handiena. Gero eta handiagoa izan dadin tematzen dira, industria militarra eta hau sostengatzen duten inbertsio-funtsak aberastearren. Deigarria da gastu hori hazteko aise malgutu dituztela arau fiskalak; aitzitik, estatu hauek aukera hori baztertzen dute politika sozialak hobetzeko bada.
Horregatik, ELAk dio Espainiako gobernuak gastu militarra handitzeko hartu duen konpromisoak ondorio politikoak dituela Hego Euskal Herrian, euskal erakundeak ere baliabide gehiago jarri beharrean izango baitira.
Azken kongresuan erabakitako ebazpenarekin bat, ELAk aldarrikatzen du Hego Euskal Herriko biztanleek NATOn sartzearen kontrako botoa eman zutela, eta berresten du salaketa eta mobilizatzeko borondatea: gastu militarraren hazkundearen eta inperialismoaren aurka, batetik, eta bakearen kultura zein herrien autodeterminazioa errespetatzearen alde, bestetik.