ELAk premiazko neurriak eskatu ditu lan-ezbeharren aurrean, Hernaniko Zikuñaga paper-fabrikan garraiolari bat hil ondoren

Gipuzkoan 2022an hil den zortzigarren langilea da, 24.a Hego Euskal Herrian. Lan-istripuak % 10 baino gehiago igo dira azken urtean eta egunero 235 pertsonak izaten dute lan-istripu bat. Egoera oso larria da, eta ez da kasualitatea. Zuzeneko lotura du desinbertsioarekin, prestakuntzarik ezarekin eta prebentzio eta babes-neurri egokirik ezarekin.
Patronalak ordea, lan-erreformak ez indargabetzeaz baliatzen jarraitzen du prekarietatea bultzatzeko, lan-baldintzak oro har hobetuz ezbehar-tasak murriztea bere esku dagoen honetan. Baina patronala oso eroso dago, Eusko Jaurlaritzaren adostasuna baitu. Gobernu honek beste alde batera begiratzen jarraitzen du, lan-osasunera baliabide urriak bideratuz, bitartean, Osalan eta Lan Ikuskaritza ia kolapsoan daudelarik, bitarteko faltagatik.
Horren aurrean, ELAk eskatzen du plantillen segurtasuna lehenestea onura ekonomikoaren aurrean, eta lan-baldintzak kontrolatzeko bitarteko publikoak areagotzea, eta, aldi berean, langileak mobilizatzera deitzen ditu, hiltzen eta gaixotzen gaituen prekarietatearen aurka eta lanetik etxera bizirik itzultzeko eskubidea defendatzeko.